AKTUALITATEA


| 2020-07-07 09:16:00

EH Bildu-k agerraldia egin du astearte honetan, eta Foru Aldundiari eskatu dio malgutu ditzala FOFELen murrizketaren ondorioz toki-erakundeei soberako kobrantzak itzultzeko ezarritako baldintzak. 

Javier Argote batzarkideak gogorarazi duenez, azken hilabeteetan eztabaida handia sortzen ari da toki-erakundeek FOFEL bidez diru-sarrerak murrizteko modurik onena zein den erabakitzeko. Ramiro Gonzálezek, berriz, aurten toki-erakundeek jaso beharreko kopurua %25a murriztea proposatu du, diru-bilketaren beherakada argudiatuz, eta toki-erakundeek beren soberakinetara jotzea diru-bilketaren jaitsiera arintzeko, baina EH Bildu-k uste du ildo bikoitzean lan egin behar dela. 

Alde batetik, zerga-politika bidezkoago eta progresiboago baten bidez diru-bilketa globala handitzea proposatzen du, PFEZren, Sozietateen eta Ondarearen tarte handienetan zerga-presioa handituz. Horrekin batera, eta zehazkiago eta toki-erakundeei dagokienez, EH Bildu-k hegaldia (goi-tentsioko lineak) eta lurzorua (gasbideak, oliobideak eta lurpeko linea elektrikoak) okupatzeagatik tasa berri bat planteatu du elektrizitatea eta hidrokarburoak banatzen dituzten enpresentzat. 

Bestalde, EH Bildu-ren ustez, krisi-egoera eta diru-bilketaren beherakada bi edo hiru urtez luzatzea aurreikusten denez, eta aurreko neurriak ezarri ahal izateko behar den denbora kontuan hartuta, toki-erakundeek ezin izango dute jaitsiera hori orekatu soil-soilik soberakinetara joz. Hori dela eta, Argotek proposatu du Aldundiak malgutzeko neurriak hartzea, toki-erakundeek gehiegi kobratutakoa itzultzea ez dadin bereziki garestia izan. 

Ildo horretan, EH Bildu-k ekimen sorta bat proposatu du azken asteetan helburu horrekin, bai Batzar Nagusietan, bai CTALFAn (Aldundiak, udalek eta Eudelek osatutako erakunde arteko koordinazio-organoa), eta aurkeztutako mozioa da kate horren azken maila. Argotek iragarri duenez, mozio hori Arabako 14 udaletan onartu da: Urkabustaiz, Zuia, Aramaio, Legutio, Okondo, Artziniega, Samaniego, Gaubea, Asparrena, Dulantzi, Donemiliaga, Barrundia, Zalduondo, Argantzun. Beste era batera esanda, Arabako udal guztien %26k onartu dute mozioa, eta horietako hainbatetan EAJ-ko zinegotziek babestu egin dute. Horrez gain, azpimarratu du "egingarria" dela uztailean beste lau udaletan (Kanpezu, Urizaharra, Zanbrana eta Berantevilla) onartzea, eta, beraz, portzentajea % 36ra igoko litzatekeela. 

"Egia esan, zaila egiten zaigu ulertzea Ramiro Gonzálezen erabateko itxikeria gai honetan, ez baitakigu hauteskunde-kalkulu hutsaren ondorio den edo agerian uzten duen gobernu honek gobernantza-eredu berriak aztertzeko eta lurraldeko toki-erakundeekin berdintasunezko harremana izateko duen ezintasuna, erakunde horiei ahalduntze ekonomiko eta instituzional handiagoa ahalbidetuz", adierazi du Argotek.

Hala eta guztiz ere, EH Bildu-ko batzarkidea baikor agertu da, eta legegintzaldi honetan toki-erakundeak finantzatzeko esparru berri bat lortzea posible dela uste du.