Araba

Albisteak

EH Bildu-k 2005eko Arabako Kuadrilletako presidenteen agerraldia eskatu du, De Miguel auziko nondik norakoak argitzeko


Kike Fernandez de Pinedo: “Behin epaia emanda, uste dugu une egokia dela orduko arduradun politiko horiek azalpenak emateko”

| 2020-02-07 09:23:00

EH Bildu-k 2005eko abenduan Arabako Kuadrilletako presidenteak ziren pertsonen agerraldia eskatu du, Lurralde Orekaren Batzordean azalpenak eman ditzaten. Presidenteak, honako hauek dira: Lautada Kuadrillako Mª Carmen Liñares, Gorbeialdea Kuadrillako Francisco Javier Carro, Arabar Errioxa Kuadrillako Alberto Ortega, Añana Kuadrillako Angel Santamaria, Mendialdea Kuadrillako Aitor Aginaga eta Aiaraldea Kuadrillako Eleder Zalbide.

EAEn izandako ustelkeria kasu handiena den De Miguel auziaren epaian espreski jasotzen da garai hartan sei Kuadrilla horietako presidenteek sinatutako kontratu hori, dirudienez, kondenatuek, guztiak alderdi bereko kideak izateagatik, haiengan zeukaten eraginaren ondorioz sinatu zutela.

Izan ere, aipatutako presidenteek De Miguel auziko 305/2019 Epaiaren “Hechos Probados” ataleko “Parte Cuarta: Bloque Gobierno Vasco Cuadrillas Alavesas” azpiatalean aipatzen den kontratua sinatu izanaren arrazoiak eta prozedura azaldu ditzatela eskatu du EH Bildu-k.

“Behin epaia emanda, uste dugu une egokia dela orduko arduradun politiko horiek azaltzeko zergatik sinatu zuten kontratu hori eta zein den kontratu hori sinatzera eraman zituen bide-orri politiko-instituzionala”, adierazi du Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak.