AKTUALITATEA


| 2020-01-09 11:45:00

EH Bilduk Javier Martinez Iruña Okako alkatearen dimisioa eskatu du gaur, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek 820.000 euro ordaintzera behartzen duela jakin ostean. Davide di Paola EH Bilduren Iruña Okako bozeramaileak gogorarazi duenez, "2016tik ohartarazi dugu hirigintza-operazio horrek herria porrotera eramango zuela eta Udala hipotekatuko zuela". Izan ere, eragindako lurzatiaren jabeei ordaindu beharreko zenbatekoa Añanako udal honen aurrekontu osoaren herena da.

Hori dela eta, EH Bilduk udalak diru hori berreskuratzeko eta erantzukizunak argitzeko beharrezkoak diren mekanismoak martxan jartzea eskatuko du. Izan ere, asteak dira PSEren gobernuak epai hori ezagutzen duela, eta, hala ere, orain arte ezkutatu egin dio oposizioari, eta ez da aurrekontuetan inolako partida ekonomikorik sartu epaian jasotzen den ordainketari aurre egiteko.

2016an, EH Bilduk ekimen bat aurkeztu zuen Iruña Okako Udalak ofizioz berrikus zezan interes publikoentzat kaltegarria zen aipatutako hitzarmena. Bertan, lurzatiaren birkalifikazioari lotutako truke bat onartu zen. Lau urtean egin beharko zen hirigintza planaren aldaketa, baina inoiz ez zen egin. Kasu horretan, desjabetutako metro koadro bakoitzeko 62 euroko konpentsazioa ezartzen zen. EH Bilduk salatu zuen bezala, ez zen ALHAOn argitaratu, eta ez zegoen jasota balio justua justifikatzen eta bermatzen duten azterlan tekniko eta ekonomikorik. "Operazio honek ez zuen inoiz balorazio ekonomikorik egin eta Iruña Okaren interesen aurka doa", gogoratu du Di Paolak.