AKTUALITATEA


| 2020-02-26 14:05:00

EH Bildu-k ustelkeriaren aurkako borrokarako tresna instituzional independenteak sortzeko eta hauek martxan jartzeko beharrari buruzko mozioa eraman du asteazken honetan Arabako ganberara.

Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak De Miguel, Montai edo STOA bezalako kasuak ekarri ditu gogora, Arabako ustelkeriari buruzko azken epaien larritasunak gizartean sortu duen kezka azpimarratzeko.

"De Miguel auziarekin gertatutakoaz hausnartu behar dugu, baina ustelkeria amaitzeko ezer egiten ari ez izanak kezkatzen gaitu: ekintzak behar ditugu", nabarmendu du Fdz. De Pinedok. "Kaka, Zaldibarren bezala, ikusten ez bada, badirudi ez dela existitzen. Baina, azkenean, eztanda egiten du", gaineratu du bozeramaileak, Gipuzkoako zabortegiaren inguruan edo beste erakunde batzuetan ematen ari diren sare klientelarrak salatzeko, hala nola Montai edo STOA-ko kasuak Araban.

Hori dela eta, EH Bildu-k Batzar Nagusiek eska dezatela ustelkeriaren aurkako EAEko Fiskaltza sortzea eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari eskatzea Fiskaltza horrek beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak eman ditzala, ustelkeria-kasuak modu eraginkorrean ikertzeko.

Hala ere, EAJ-k – Diputatu Nagusia ez da mozio honen eztabaidan egon– eta PSE-k berriro eragotzi dute mozio hau aurrera ateratzea eta ustelkeriaren aurkako neurri eraginkorrak hartzea.