AKTUALITATEA


| 2019-10-08 12:01:00

Arabako lehen sektorea babestuko duen eredu bat aldarrikatu du gaur EH Bilduk Aguraingo azokan. Lautadako hiriburuan XIV. Mendetik ospatzen den azokarik ezagunena izan da eta bertan EH Bilduko beste ordezkariekin batera, Iñaki Ruiz de Pinedok parte hartu du. Madrilgo Kongresurako zerrendaburuak bere kezka adierazi du sektorearen egoera. “Aurten larriagoa da egoera: batetik, Brexit-a eta bestetik, Trump-ek ezarri nahi dituen arantzelak. Ardoa, olioa eta gazta bezalako produktuetan eragin zuzena izan dezake”, gogoratu du Ruiz de Pinedok.

 

Egoera horren aurrean, EH Bilduk tokiko eredu bat defendatzen du, “menpekotasunik gabekoa”. “Lehen sektorean lan egiten dutenentzako lan baldintza duinak bermatu behar ditu, elikagai osasuntsuak eta kalitatezkoak ekoiztu behar ditu eta lurralde kohesionatua mantentzen lagundu behar du. Gaur, inoiz baino ozenago eskatzen diegu instituzioei Arabako herrietan lan egiten dutenak, lurra eta bertako produktuak defenda ditzaten”, nabarmendu du.