AKTUALITATEA


| 2019-11-25 16:40:00

Gaur hasi ditu bere lanak Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa aztertzeko ponentziak. EH Bilduk proposatuta, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen horrelako ponentzia bat osatzea Meatzaldean eta Oarsoaldean egin ostean.  Lantalde hori erreferentzia gisa hartu eta esperientzia errepikatu nahi du EH Bilduk, oraingoan Aiaraldean. Hemendik eta abenduaren 20ra talde politikoak agerraldiak  eskatzeko epea izango da eta, ondoren, hilean bi bilkura egingo ditu ponentziak. Eva Lopez de Arrroyabe legebiltzarkideak lanak koordinatuko ditu.

“Aiarako eskualdeak, haren adierazle ekonomiko txarrak direla eta, arreta berezia merezi du”, gogoratu du Eva Lopez de Arroyabek.  Aiaraldea ikuspegi sozioekonomiko batetik suspertzeko alde anitzeko ahalegin eta konpromisoa ezinbestekoa delakoan, EH Bilduk proposatu zuen ponentziak eskualdeko eragile sozial, sindikal, ekonomiko, politiko eta instituzionalen analisiak eta ekarpenak barne hartuko lituzke, eta bertan egin beharreko lanaren emaitzak erakunde arteko plan bat izan beharko luke, helburu eta irizpideak argi zehaztuta, eskualdea suspertzeko.

Lopez de Arroyaberen iritziz, ponentziaren beharra begien bistakoa da, “Aiaraldea 90eko hamarkadako errekonbertsio industrialaren ondorioak pairatzen ari delako oraindik. Garai hartan euskal ekonomiaren motorra izan ziren enpresa asko itxi ziren eskualdean, eta ondorioak nabarmenak dira oraindik. Esaterako, langabezia tasan, Euskal Herriko altuenetariko bat baita, batik bat gazte eta emakumeen artean”.

Langabezia tasa Laudion %13,45ekoa da eta Amurrion %14,07ra iristen da, eta arlo horretan datuak bereziki kezkagarriak direla 45 urtetik gorakoen artean. Halaber, ohartarazi du egoerak hobera ez egitearen arriskua erreala dela enpresa ugarik erregulazio espedienteak egin dituztelako eta, oro har, deslokalizazioaren mehatxua etengabea delako. Horrek, erantsi du, “gazte askok Aiaraldetik kanpo bilatu behar dituzte lan aukerak eta bizitza proiektuak, eta horrek, zalantza barik, eskualdea pobretzea dakar”.