Araba

Albisteak

21 umek hasiko dute hurrengo ikasturtea Barrundiako eskola txikian


Horietako 15 Haur Hezkuntzan egongo dira eta beste 6ak Lehen Hezkuntzan

| 2020-02-13 12:28:00

Matrikulazio kanpaina amaituta, 21 umek izena eman dute hurrengo ikasturtean zabalduko den Barrundiako Eskola Txikian. Ia gehienak udalerrikoak dira eta horietako 15 Haur Hezkuntzan egongo dira eta beste 6ak Lehen Hezkuntzan. Hurrengo otsailaren 25ean zerrendak argitaratuko dira.

Ekinbide izeneko eraikinean egongo da eta eraikina bera egokitzeko Barrundiako Udalak 74.600 euro inbertituko ditu. Hurrengo ikasturtean ateak zabaldu ahal izateko daorren astean proiektu teknikoa esleitu nahi du Barrundiako Udalak. Ondoren, hilabeteko epean aurkeztu beharko dute proiektua lanak esleitu eta gauzatzeko.

Urteetako lanaren ondorioz lortu du Barrundian eskola txiki bat izatea. Igor Medina Isasa alkateak askotan esan duenez, “herri biziak nahi baditugu, gure geroa zaindu behar dugu ezinbestean eta umeak hemen hazteko aukera izan behar dugu; horregatik guretzako funtsezko proiekta zen herri eskola bat zabaltzea”.

Barrundiako udalerriak 880 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 85 dira 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietatik beste udalerrietara joan behar dira  3 urtetik gorako haurrak egunero ikastera; txikiagoek Haur Eskola dute Ozaetan. Baina bertako gurasoek Etxeako elkartea sortu eta Oazetan eskola txiki bat zabaltzeko lanean ibili dira azken urteotan.

Beste eskoletan bezala, eskolatik 2 kilometrotik gorako distantzian bizi direnek garraioa izateko aukera izango dute. Bertako jantokia, aldiz, guraso elkartearen esku geldituko da. Tartean, Hezkuntza Sailaren ardura izango da irakasleen plazak deitzea.