AKTUALITATEA


| 2020-04-09 13:00:00

1.- Udal funtzionamendua.

a. Gutxieneko zerbitzuen definizioa.

    • Oinarrizko beste zerbitzu batzuekin egin den bezala, udalek gutxieneko zerbitzuetan egon behar dute. Horretarako, alkateak zehaztu behar du zer/nork egon behar duen (fisikoki) udaletxean, eta gainontzekoak telelana egingo du.

b. Funtzionamendu politikoa.

    • Batzorde informatiboak eta osoko bilkurak: "Modu telematikoan" egin daitezela koronabirusaren krisia amaitu arte.

    • Bozeramaileen Batzordea: Bozeramaileen Batzordea "krisi-mahai" gisa erabiltzea etengabe (bileren maiztasuna eta taldeen arteko harremana handituz, ahal bada modu telematikoan), Udal Gobernuak hartutako erabakien berri izateko eta larrialdi egoera honetan hartu beharreko erabakietan parte hartzeko. Hau da, Bozeramaileen Batzordea elkarlanerako tresna izatea eta, ahal bada, akordioak adostasunez edo aho batez hartzea.

    • Alkateak eskumenak itzultzea Gobernu Batzordeari. Organo horrek bilerak modu telematikoan egin ditzakeenez, ez da beharrezkoa alkateak Gobernu Batzordearen eskumenak eta eskuduntzak baliogabetzea.

c. Telelana.

    • Telelana egiteko behar diren baliabide nahikoak (ordenagailuak/telefonoak) langileen esku jartzea, edo horrelakorik ezean, Udaleko langileek erabiltzen dituzten baliabide propio pribatuen konpentsazio-neurriak aztertzea.

    • Langile bakoitzaren funtzioen diseinua alkatetzatik egingo da. Alkatetzak eginkizun berriak ezarri ahal izango ditu, betiere langilearekin eta ordezkaritza sindikalarekin akordioa badago.

e. Kontratuak etetea.

    • Gaur egun martxan dauden etete-prozesuak eta prozeduraren zein fasetan dauden identifikatzen duen txostena. Txosten horretan zehaztu beharko litzateke indarrean dauden kontratuetatik zeintzuk dauden behar bezala justifikatuta jarraitzeko, eta zein uste den ezin zaiola inola ere eutsi.

d. ERTE

    • Administrazio Publikoak enplegua bermatu behar du, ERTEak saihestuz. Gure ustez, garrantzitsua da azpikontratatutako langileen lan-baldintzak mantentzea soldatei eta abarri dagokienez, eta, horregatik, helburua izan behar da ahalik eta udal-kontratu gutxien bertan behera uzten saiatzea.

    • Udal-kontratuak kentzeagatik ERTEren mehatxuren bat balego, langile horiek, kontratatutako zerbitzua betez, beste eginkizun batzuk egiteko aukera aztertzea. Horretarako, Udalak beharrezko neurri alternatiboak aztertuko ditu, adibidez:

      • Ahal den neurrian, udal-eraikinetako bide-garbiketako, lorezaintzako eta hiri-hondakin solidoen bilketako zerbitzuak mantentzea (garbitasuna bermatzea ere ezinbestekoa da birusa kontrolatzeko), langileen segurtasun-neurriak bermatuz (udal-aholkularitza eta -ikuskapena).

      • Musika Eskolaren jarduera bermatzen saiatzea on-line metodologia erabiliz eta ikasleei aholku didaktikoak emanez (eskolak mantenduz eta ordainagiriak kobratuz), hori ezinezkoa balitz alternatibak bilatuz (adibidez, langileak klaseen plangintzan zentratuz).

      • Kiroldegiaren kasuan (Be One), krisialdian langileak antolatzea posible den aztertzea, urteko geldialdietan egin ohi dituzten garbiketa/antolaketa/mantentze lanak egiteko, langileak beren lanpostuetan mantenduz (segurtasun-neurriak bermatuz), ERTEa saihestuz eta erabiltzaileei ordainagirietan dagokien zati proportzionala "ofizioz" deskontatuz.

    • 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 34. artikuluaren aplikazioa aztertzea, kontratazio publikoari buruzkoa. Horren bidez, udalak enpresei kalte-ordaina eman ahal die zerbitzua geldiarazteagatik, gaur egun ERTEn dauden langileak konpentsatzeko bitarteko gisa.

    • Azpikontratatutako enpresa guztiei eskatzea beren langileei nahitaezko soldatak ordainduko zaizkiela berma dezatela, eta aldi baterako ezintasuneko edo langabeziako prestazioen arloko kudeaketa guztiak arindu ditzatela. Sopelako Be One/Serviocioko langileei arreta berezia eskaintzea.

f. Segurtasun neurriak eta NBEak (EPI)

    • Sopelako Udalak langileen osasuna babesteko beharrezkoak diren neurriak hartu behar ditu, gutxieneko zerbitzu horiei norbera babesteko ekipamendua emanez. Neurri horiek berrikustea.

    • Udalak ziurtatu beharko luke, era berean, azpikontratatutako zerbitzuetako langileek neurri horiek betetzen dituztela inplikatutako langileen osasunaren defentsan.

g. Informazioaren kudeaketa.

    • Informazio argia eta herritar guztientzat eskuragarria. Sare sozialetarako sarbiderik ez dutenentzat, etxeetako atarietan bandoak jarriz. Gainera, larrialdiaren arabera, udaltzainak arduratuko lirateke megafoniarekin albiste garrantzitsuenak edo premiazkoak helarazteaz.

       

2. Garbiketa

  • Garbiketa-protokoloen berrikuspena eta egokitzapena aztertzea (erabilgarri dauden langileen kopurua, ordutegiak, ibilbideak, garbitu beharreko eremuak, segurtasun-materialak).

  • Enpresarekin lankidetzan aritzea garbiketa sakonak programatzeko.

  • Herritarrei zuzendutako banakako garbiketa-protokoloei buruzko prestakuntza- eta informazio-ekintzak (adibidez, web-orriaren bidez).


 

3. Neurri sozialak.

  • Laguntza berezia behar duten pertsonak detektatzea: Mankomunitateko zein Udaleko gizarte-zerbitzuen datu-baseetan identifikatutako pertsonekin harremanetan jartzea, zaintza edo laguntza berezirik behar duten galdetzea eta kolektibo horri arreta ematea Udalaren gaitasunaren arabera. Anbulatorioak edo osasun zentroak ere eman lezake informazio hori1. Gauza bera, Sopelako erretiratuen elkarteak (badakite nor diren beren kolektiboko pertsona ahulenak).

  • Ahuleziak hautematean, erantzun koordinatua emango zaie: kolektiboen egoera egiaztatu behar da, eta erne egon, kolektibo desberdinen kalteberatasun-egoerak nabarmen areagotuko baitira egungo egoeran. Horrela, eskolatutako haurren beharrak (jantokiko beka, ikasketa telematikoa2 …), adinekoen beharrak (dei pribatua egunean behin egitea proposatzen da), bakarrik eta berrogeialdian egon daitezkeen pertsonenak … identifikatu behar dira.

  • Ildo beretik, gizarte-bazterkeria saihesteko, enplegua galtzea eta prekarizatzea3 aurreikusi behar dugu, eta neurri espezifikoak eskatu behar dizkiegu dagokienei (Behargintza, Lanbide). Bitartean, udalak prozesu bereiziak eraikiko ditu pertsona horiek guztiak artatzeko (larrialdi egoerarik balego, erantzuna bideratu egingo litzateke).

  • Identifikatutako indarkeria matxistaren biktimekin harremanetan jartzea eta zerbitzu bereziak eskaintzea (adibidez, etxetik alde egiteko aukera, etab.).

  • Boluntarioen sarea: funtzionamendua aztertzea eta baloratzea, eta herritarren artean zabaltzea.

  • Adinekoen egoitzen egoeraren jarraipena: adinekoen egoitzetatik iristen diren albisteak, publikoak zein pribatuak, oso kezkagarriak dira. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu gure adinekoen egoitzek udalerrian eta itunpekoetan (Elorduy) duten egoeraren berri ematea, medikuen asistentziarik edo bestelako premiarik ezean, Udaletik erantzun bat bideratzeko.

  • Osasun-langileei eta zaintza-langileei etxebizitzak eskaintzea: osasun- eta zaintza-langileek egoera oso larria eta konprometitua bizi dute, eta batzuek udaletara ere deitu dute laguntza eske, etxebizitza bat edo lo egiteko leku bat eskatuz.

Aukera hau eman behar diegu osasun eta zaintza arloetan lan egiten duten langileei (Udala, Uribe Kostako Mankomunitatea, Urdulizko ospitalea.).

Udalak edo mankomunitateak izan ditzakeen erabilerarik gabeko etxebizitzak aukera bat izan daitezke, baina ez da aukera bakarra: Sopelako hotel, ostatu turistiko eta ostatuekin harremanetan jartzea eta akordio batera iristea ere posible da, edo posible litzateke, halaber, herritarrei auzolanera deitzea, hau da, hutsik dauden etxebizitzak dituztenei, osasun eta zaintza arloko langileen esku utz ditzaten beren borondatez.

Egoera horrek eta sortutako beharrek osasun arazo bati erantzuten diotenez, Osasun Sailari eska dakioke gastu horien kargu egiteko.


 

4. Neurri ekonomikoak

  • Premiaz eztabaidatzea Udalak diru-laguntzen deialdi bat egin dezakeen partikularrei, familiei, herriko saltokiei eta ostalariei diruz laguntzeko, COVID-19ren ondoriozko egoerak eta bilakaerak eraginda. Aztertu beharreko elementuak: emateko irizpideak, partidaren zenbatekoa eta helburua, aurrekontua aldatu beharra, etab., Udalak gaur egun eskaintzen dituen gizarte-izaerako laguntzak ere berrikus daitezke (oinarrien eta partiden berrikuspena, hartzaileen kopurua handitzeko), egoera berrira egokituz. Bide beretik, Uribe Kostako Mankomunitateari Gizarte Larrialdietarako Laguntzen partida handitzeko eskatzea.

  • Sopelako merkatarien Elkartearekin larrialdietarako deialdi telematikoa egitea, epe laburreko egungo eta etorkizuneko egoera aztertzeko eta Sopelako merkataritza biziberritzeko beharrezko neurriak aplikatzeko, aldizkako lankidetzaren oinarriak ezarriz.

  • Udalak Sopelan irekita dauden funtsezko saltokiak bere web orriaren, sare sozialen eta komunikabide analogikoen bidez argitaratzeko aukera aztertzea.

  • Udalaz gaindiko diru-laguntzak: Estatuaren, Autonomia Erkidegoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza merkatarientzat (enpresa txiki eta ertainak, autonomoak), bai eta herritarrentzat ere, oro har, diru-laguntza horiek aztertuta. Galderak posta elektronikoz edo telefonoz bideratu daitezke, eta informazioa webgunearen edo bandoen bidez.

  • Zergak: udal-zergak eta -tasak ordaintzeko epeak luzatzea, ordainketa zatikatzea, interesak ez aplikatzea, etab.; konfinamenduan zehar zerga-kitapena ezartzea ekonomikoki kaltetuenak diren sektoreentzat (ostalaritza eta merkatarien kasuan, hondakinen tasei, zaborrei, bide publikoaren okupazioari, OHZri eta abarri dagokienez). Une honetan zerga horien ordainagiriak izapidetuta badaude, horiek adostutako zenbatekoan itzultzeko aukera ematea, zergaren ordainketa geroratzea ahalbidetuz, geroratze-errekargurik eskatu gabe.

  • Udalaren egoera ekonomi-finantzarioaren azterketa, Koronabirusaren krisiak Udalaren gastu eta inbertsioetan izan dezakeen eragina aurreikusiz.

 

5. Herritarren segurtasuna:

  • Udaltzaingoak, osasun-alarma horren ondoriozko kontrolak ezartzean, jarrera adeitsua eta herritarrengandik gertukoa izango du. Arretaz entzungo ditu herritarraren mugimenduaren edo establezimenduaren edo lantokiaren irekieraren inguruabarrak eta arrazoiak, eta hori frogatzen duen dokumentazioa aztertuko du. Horren aurrean zehapen-ekimena hartu behar badu, ez du presazko jarrerarik izango, ezta mehatxagarria, ez larderiatsua ere, ez ahozkoa, ez are gutxiago fisikoa, alarma-egoeran emandako aginduak urratzeagatik izan bada ere.

  • Aurrekoak indar handiagoa hartzen du osasun-zirkunstantziengatik (buruko gaixotasuna, autismoak, depresioak, minak edo gaixotasun fisikoak, diabetesa, errehabilitazioak …) edo lan-baldintzengatik (etxeko edo zaintzako langileak, kasu askotan kontraturik gabe …) entzierroa erabat mantendu ezin duten pertsonak direnean. Herritarrei arreta emateko orduan, baldintza horiek kontuan hartuko dira, batez ere beren ezaugarri fisiko edo intelektualengatik, hizkuntza ez jakiteagatik edo antzeko inguruabarrengatik kalteberak izan daitezkeen kolektibo edo pertsonei dagokienez.

  • Zehapen-prozesuak irekiko dira, soil-soilik, funtsezkoak ez diren establezimenduak ixten direnean edo etxera itzultzeko aginduei jaramonik ez egiteagatik, arauzko jakinarazpen baten bidez.

  • Udaltzaingoa herritarrekin komunikatzen denean (komunikazio presentziala, idatzizkoa, megafonia …), herritarren jarrera zibikoei eta arduratsuei balioa ematen saiatuko da, eta horiek goraipatu egingo ditu krisiaren kudeaketan laguntzeko.

  • Udaltzainek beharrezkoak diren segurtasun pertsonaleko neurriak eta ekipamenduak erabiltzeko eskubidea eta betebeharra izango dute. Horretarako, erakundeek beharrezko materialak edo neurriak eman beharko dizkiete (azpiegiturak edo autoak desinfektatzea, lankideekiko isolamendu-neurriak …), bai eta kutsaduraren aurkako testak eta probak eskatzeko eskubidea eta emaitzaren ondorioz beharrezkoak diren laneko babes- eta osasun-neurriak hartzeko eskubidea ere. Era berean, egoera hori luzatzen den bitartean, kontuan hartuko dira lan-txanden proposamenak edo zerbitzuaren berrantolaketa, kutsadura saihesteko eta behar bezala emateko; planteamendua egingo dute udaltzaingoko buruzagitzak eta arduradun politikoek, eta langileen batzordearekin partekatuko dute.

  • Udaltzaingoko buruak udalaz gaindiko segurtasun-batzordeetan parte hartuko du, Udaltzaingoaren izenean, osasun-krisiaren aginduei buruzko irizpideak eskualdeko gainerako udaltzaingoekin eta Ertzaintzarekin koordinatzeko. Bilera horiei begira, herriko diagnostikoa eta bileretatik eratorritako neurriak edo konpromisoak alkatearekin edo segurtasuneko zinegotziarekin kontrastatu eta landuko dituzte.

 

6. Beste neurri batzuk

  • Ekitaldien Agenda aldatzea, bertan behera gera ez dadin: egoera hori uneren batean amaituko da; beraz, programatutako edo programatu gabe dauden ekitaldiak (sozialak, kulturalak edo kirolekoak) atzeratzea proposatzen da, ahal den neurrian arintzeko enpresentzako eta Udalarentzako kalte ekonomikoak eta herritarrentzako kalte sozio-kulturalak.

  • Kultura-dinamizazioa: Kurtzioko langileek sare sozialen bidez bidali ahal izango lituzkete ideiak, herritarren kultura-aisialdia bideratzeko. Telesailak proposatu, balkoitik balkoira kantatu, online kontzertuak antolatu... Sopelako kultur eragileen laguntzarekin koordinatu daitezke ekintza horiek. Gauza bera egin daiteke kirol jarduerarekin, Udaletik koordinatuz herriko kirol taldeei edo bestelako profesionalei, fisioterapeutei, "On-line" aholkuak edo eskolak emateko aukera.

  • Adierazpen instituzionala: alderdi politikoen adierazpen bateratua, Gobernu zentralari eskatuz, besteak beste, hipotekak, autonomoen tasak, alokairuak edo beste ordainketa batzuk (pobrezia energetikoarekin lotutako gastuak, adibidez: argia, gasa) etetea, atzeratzea edo murriztea eta eragile ekonomiko jakin batzuei (enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei) finantzatzea.

  • Herritarrak aktibatzea: EH BILDU prest dago bere militantzia aktibatzeko eta Sopelako beste kolektibo sozial batzuk aktibatzen laguntzeko, Udalak krisi honi aurre egiteko egokitzat jotzen dituen jardueretan laguntzeko, betiere Udalarekin koordinatuta eta segurtasun-neurri guztiak errespetatuz.

 

​Oharra: hemen duzue esteka proposamenak sarean ikusteko!