AKTUALITATEA


| 2024-03-18 11:23:00

Ba al zenekien Ibarbengoan geratzen den bi metro-unitatetik batek bere bidea jarraituko balu 13 minutuko maiztasuna bermatu litekeela Plentziaraino?.

Horixe da EHBilduren proposamena: metroaren maiztasuna Plentziako norabidean 13 minutukoa izatea gaur egungo 20koa izan beharrean.

Plentzia, Urduliz eta Sopelako alkateek bilera eskatu dute Metro Bilbaorekin, proposamena aztertzeko. Halaber, mozioak aurkeztuko dira eskualdeko herri guztietan.

Hurrengo geltokia: Uribe Kosta

“Hurrengo geltokia: Uribe Kosta” lelopean EH Bildu aurkeztu du Uribe Kostan metroaren maiztasuna areagotzeko kanpaina: Plentziako norabidean metroaren maiztasuna 13 minutukoa izatea gaur egungo 20koa izan beharrean “teknikoki eta ekonomikoki posible da, borondate eta lehentasun kontua baino ez da”. Aurkezpenean Plentzia, Urduliz eta Sopelako alkateek parte hartu dute; Berango, Getxo eta Leioako zinegotziekin eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariekin batera.

Egin daiteke, bai teknikoki, bai ekonomikoki

Metroa martxan jarri zenetik Plentzia, Urduliz eta Sopelako auzokideek maiztasun baxuena dute Metro Bilbao zerbitzu osoan. Gaur egun, Ibarbengoako geltokira heltzen diren hiru metro unitatetik bakarrak egiten du Plentziarainoko bidea eta EH Bilduk proposatzen du bitik bat izatea “Horrela, maiztasuna Plentziaraino handitzeko aukera izango genuke (20 izan beharrean, 13) eta gauza bera Larrabasterrako kasuan (13 izan beharrean, 6)”. EH Bilduko ordezkariek nabarmendu dutenez, “unitate bakar bat gehitu beharko genioke gaur egungo metro zerbitzuari. Artaza eta Ballonti lotuko dituen itsasadar azpiko tunelean 450 milioi euro baino gehiago xahutu beharrean, garraio publikoaren zerbitzua hobetzera bideratu daiteke inbertsio”

Ezinbesteko beharra: populazioa, zerbitzu publikoak, ospitalea…

Azken urteetan Uribe Kostak hazkunde demografiko handia izan du, eta bertan bizi diren auzokideek metro zerbitzu duina merezi dute “Gainera, kontuan hartu behar dugu gure herrietara bisitari ugari etortzen direla, batik bat udan. Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, inoiz baino beharrezkoagoa da auto pribatuaren erabilerari alternatibak eskaintzea, eta horrek ezinbestean eskatzen du garraio publikoa hobetzea, bidegorri-sarea handitzea, lo egiteko herrien ereduak aldatzea…”

Sopela, Urduliz eta Plentziako bizilagunei zerbitzu hau eskaintzeaz gain, beharrezkoa da maiztasuna areagotzea Urdulizko ospitalera joaten direnentzat ere. Izan ere, ospitaleak zerbitzua ematen dio eskualde osoari, Getxo eta Leioa barne. “Ospitalera joaten direnei beharrezkoa da alternatibak eskaintzea eta ospitalera bidean doazen autoen kopurua murriztu behar dugu, gure herrien erdiguneak zeharkatu ez ditzaten, batik bat Sopelaren kasuan”.

Bilera eta mozioak

Sopela, Urduliz eta Plentziako alkateek eskaera bideratu diote Metro Bilbaori proposamen hau aztertzeko eta metroaren maiztasuna areagotzeko. Era berean, mozioak aurkeztuko ditu EH Bilduk Leioan, Getxon, Berangon, Sopelan, Urdulizen eta Plentzian, Udalek ere eskaera zuzena egin dezaten.