AKTUALITATEA


| 2024-04-23 20:41:00

Lehenik eta behin, igande honetan (2024/04/21) Eusko Legebiltzarrerako egindako hauteskundeetan Sopelan lortutako 2.515 botoak eskertu nahi ditugu. ESKERRIK ASKO!

Oso positibotzat jotzen ditugu emaitza hauek; izan ere, duela 4 urte egindako hauteskundeetan baino 674 boto gehiago lortu ditugu, eta azken udal hauteskundeetan baino 76 gehiago. Etengabeko igoera honek gure lana babesten eta indartzen du, bai Gasteizko Legebiltzarrean, bai Sopelako Udalean.

Berriro ere: ESKERRIK ASKO!

Onartzen eta zoriontzen dugu EAJ Sopelan boto gehien lortu dituen alderdia izateagatik: 2.997. Errekonozimendu honek ezin du beste errealitate bat ezkutatu: hauteskunde hauetan duela 4 urtekoetan baino parte-hartze askoz handiagoa izan da, eta ehunekoei begiratzea komeni da.

Duela 4 urte Sopelan EAJk botoen % 43,63 lortu zituen eta orain % 41,12; EHbilduk, berriz, duela 4 urte botoen % 30,84 zituen eta orain % 34,9. Beraz, EHBilduren igoera botoetan eta portzentajeetan izan da, eta ez da soilik boto-emaile gehiago egon direlako.

Eta azalpen txiki bat errealitatea ezkutatu nahi duten iruzkin engainagarri batzuen aurrean: Ahal Dugu eta Sumar kandidaturei errespetu osoz, arduragabekeria da esatea boto hori "EHBildura joan dela". 2020an Podemosek 533 boto lortu zituen Sopelan, orain 273 Sumarrek eta 175 Podemosek, bion artea 448. Jaitsiera bai, baina ez hainbeste gure igoera ezkutatu nahi izateko.

Emaitza hauek gehiago animatzen gaituzte lan egiteko eta Sopelako bizilagunen beharrei arduraz eta ilusioz erantzuteko.

EAEko datuen balorazioari dagokionez, jakina dena errepikatzea besterik ez dago:  berdinketa historikoa dago EAJrekin (27na eserleku). EAJk EHBilduk baino 28.819 boto gehiago lortu ditu, baina EHBilduk hiru lurraldeetatik bitan irabazi du: Araban eta Gipuzkoan. EHBilduk 6 legebiltzarkide gehiago lortu ditu, eta EAJk  4 gutxiago.

Emaitza hauek berresten dute EHBilduren lan ildoa, bere ekarpenak eta joan den igandean hautestontzietara deitua izan zen Euskal Herriaren zatiak eskatzen duela orain arte egon dena baino politika eta jarduera abertzale eta sozialagoak gauzatuko dituen Gobernu bat eta, ondorioz, EAJ-PSE itun itxitik urrun dauden akordio politika eta gobernantza estilo bat.

Honetaz guztiaz aritzeko, sakontzeko eta hausnartzeko, etor zaitez datorren ostiralean, apirilak 26, 18:30ean Bilgunera