AKTUALITATEA


| 2020-04-25 18:40:00

EH Bildutik argi izan dugu inor alboan utzi gabe egin behar genuela aurrera krisi honetan, elkartasunez, pertsonak erdigunean jarriz. Argi izan dugu zaurgarrienak ezin zitezkeela zaurgarriago bilakatu. Horregatik, eskura ditugun baliabideak jartzen gabiltza.

Hala, sozioekonomiari dagokionean, 500.000 euroko diru-poltsa sortu dugu merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduei laguntzeko. Zehatz esanda, argiaren eta uraren fakturak ordaintzen laguntzeko (97.000 euro), zabor tasak ordaintzeko (25.000 euro), herriko komertzioen aldeko sentsibilizazio kanpainarako (8.000 euro), bestelako kostu finkoei aurre egiteko (220.000 euro) eta erosketa bonuen sistema indartzeko (150.000 euro) erabiliko litzateke poltsa hori. Azken horri dagokionez, esatea, oso harrera ona izaten ari dela Kuttuna.org web plataformak sorturiko erosketa bonuen sistema: 20.000 euroko hasierako diru-poltsa bat sortu genuen, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko negozioetan 100.000 euroko fakturazioa bermatzeko -aste bat igarota (apirilak 22), 62.500 eurokoa zen bermaturiko fakturazioa-. Eusko Jaurlaritzari dagokio aipaturiko sektoreendako neurri eraginkorrak hartzea, baina, behar moduko laguntzarik ematen ez duela ikusita, iniziatiba hartzea eta horiendako laguntzak bermatzeko poltsa sortzea erabaki dugu. Neurri gehiago ere hartu ditugu, besteren artean, autonomo eta mikroenpresentzako informazio eta aholkularitza zerbitzua jarri dugu martxan, eta negozioak itxita egon bitartean ez da kobratuko bide publikoaren okupazioaren tasa.

Bestetik, gizarte zerbitzuetako laguntzak indartu ditugu. Hainbaten artean, bonu sozialak sortu ditugu baliabide urriko pertsonek edo familiek herriko dendetan elikagaiak eta garbitasunerako produktuak eros ditzaten -20.000 euroko igoera izan du halakoetara bideraturiko poltsak-. Ostera, arreta berezia dugu jarria Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan (GLL). Krisi honen ondorioz, goraka doaz eskaerak, eta askotarikoak dira eskatzaile berriak. Kasu horretan, Eusko Jaurlaritzaren ekarpen ekonomikoarekin ez da aski -85.874 euro jarri ditu guztira-, eta, beraz, udalak jarri du laguntzaren zati handiena -205.430 eurokoa da aurtengoa-. Aipaturikoez gain, alokairu sozialetako alokairuen kobrantza eten egin da momentuz.

Bada martxan jarri dugun bestelako neurririk ere: ikasleei internet sarea ahalbidetzeko partidaren sorrera (2.000 euro); indarkeria matxistaren kontrako baliabideak eta arreta ziurtatzeko bitartekoak jarri dira; eten ez zitezen, udal liburutegiko, euskaltegiko, gaztelekuko, ludotekako eta abarretako zerbitzuak moldatzeahainbat zergaren ordainketa atzeratzea -horien artean dira Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga, Ondasun Higiezinen Gaineko zerga, IBI iraunkorra, garaje eta hilerriko tasak-; kiroldegiko edo udal ludotekako urteko kuotaren zati proportzionala itzultzeabide okupazioagatiko (hesiak, aldamioak, eraikuntza materialak…) zein baratze parkearen erabileragatiko tasarik ez kobratzeaudalaren zenbait lokalen erabiltzaileei alokairurik ez kobratzea –Eltzia eta Zubiko tabernak, Olaburu eta Olalan-; umeak kalera irteten direnerako dekalogoa sortzea…

Era berean,  gogora ekartzea nekazari eta baserritarren azokaren alde egindako apustua. Bada,  agerian utzi genituen Eusko Jaurlaritzak azokak debekatzeko harturiko erabakiaren zentzugabetasuna eta oinarri sendo baten gabezia.

Bestetik, boluntario sarea ehuntzen laguntzeko erronka bota genizuen, eta ondo baino hobeto erantzun zenuten. Horregatik, eskerrik asko. Eskerrik asko, albokoa laguntzeagatik, elkartasunez aritzeagatik, txarrenaren testuinguruan onenerako zirrikituak topatzeagatik, nork berea partekatzeagatik...

Kritiko Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin

Bizi izan dugun egoeran, politika alderdikoia alde batera utzita, proposamen eraikitzaile integral bat egin genuen EH Bildutik. Batzuek hura desitxuratzeko eta eztabaida desbideratzeko egin duten ahalegina ikusita, argipen pare bat egin nahi genituzke. Lehenik eta behin, modu arduragabean milaka langileren osasuna arriskuan jarri izana gaitzetsi dugu. Ez dugu inondik inora ekonomia blokeatzea planteatu, krisi honen ondorio ekonomikoek kezka handia sortzen baitigute. Esan duguna da, guztia gero eta lehenago gelditu, lehenago bueltatu ahal izango ginatekeela normaltasunera eta ondorioei aurre egiten hasi, eta gainera modu horretan herritarren segurtasuna ere bermatzen zela. Erdibideko formulek, horrelako egoerak luzatu besterik ez dituzte egiten.

Bestalde, Jaurlaritzaren neurriek batez ere elite ekonomikoen interesei erantzuten zietela salatu dugu, batzuk beste batzuk baino gehiago babestu dituelako (nabarmen ikusi genuen hori azoken debekuan). Merkataritza txikia eta lehen sektorea ere ekonomia dira, eta momentu zailetan guztiei lagundu behar zaiela uste dugu (AHTa egiteko 542 milioi euro bideratu berri ditu EAJk, eta, hegoaldeko trenbide saihesbidearendako, 464 milioi euro. Bitartean, autonomoak laguntzeko 3 milioi euro agindu ditu. EAEn 180.000 autonomo daude. 17 euro autonomo ratioko). Zaurgarrienendako behar moduko laguntza neurririk ez dakar Eusko Jaurlaritzak.