AKTUALITATEA


| 2020-04-11 10:51:00

Lantegiak eta supermerkatuak jendez lepo dauden honetan, zein zentzu dauka azokak egitea debekatzeak? Gainera, ez dugu ahaztu behar elikagaien salmenta lehen mailako beharra dela.

Guk, EH Bilduk presentzia duen instituzio guztietan, egoerak eskatzen duen erantzukizunarekin, jendearen osasuna lehenetsi eta gizartea konfinatzearen aldeko jarrera hartu dugu. Hala ere, logikoa den bezala, egoera ekonomikoak kezkatzen gaitu, eta ez dugu inondik inora ekonomia besterik gabe gelditzeko eskatzen. Ezinbesteko jarduera ekonomikoa, segurtasun neurriak zorrotz jarraituz, mantentzearen aldekoak gara, besteak beste, elikagaien banaketa.  Gainerako jarduera ekonomikoak, gero eta lehenago itxi, azkarrago itzuliko gara normaltasunera eta lehenago ekin ahal izango diogu ondorioei aurre egiten. Eta denbora guri arrazoia ematen ari da.

Covid 19-ren krisiak ekonomian izango duen eraginak biziki arduratzen gaitu, jakin badakigulako pertsonen osasuna eta ekonomia guztiz lotuta doazela. Hala ere, arreta deitu digu EAJk eta Eusko Jaurlaritzak erakutsi duten aurpegi bikoitzak: komertzio txikia eta ostalaritza itxi zirenean ez zuten horrenbesteko zaratarik atera, baina sektore jakin batzuk ukitu direnean eta Confebask eta elite ekonomikoek ahotsa altxatu dutenean, dena hankaz gora jarri dute. Ez al dira guztiak gure ehun ekonomikoaren parte eta, beraz, ez al gara guztiengatik modu berean arduratu behar? 

Kontraesan horren barruan interpretatzen dugu gure nekazari, abeltzain eta artzainen azokak debekatzeko egin duen hautua. Osasun krisi hau hasi zenetik, azoka kiroldegira lekualdatu eta segurtasun neurri guztiak zorrotz bete ditu. Gainera, azokari berebiziko garrantzia aitortzen diogu bi arrazoirengatik: kalitatezko elikagaiak herritarren eskura jartzea lehen mailako beharra delako, eta herriko baserritarrei, eta lehenengo sektoreari oro har, lagundu egin behar zaielako garai zail hauetan ere.

Hori dela eta, txalotu egiten dugu udalak, osasuna bermatzeko neurriak betetzen direla bermatuta, azoka ireki izana. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizuegu egun hauetan jarrera erabat arduratsua erakusten ari zareten herritarrei, eta horretaz gain, herriko merkatari eta ekoizle txikien aldeko konpromisoa mantentzera animatu nahi zaituztegu.