Nafarroa

COVID-19 egoeraren azterketa eta proposamenak

| 2020-03-24 13:49:00

1. SARRERA 

Lehenik eta behin, egun hauetan zehar hildako pertsonen familiei gure doluminak adierazi nahi diegu. Era berean, ospitaleratuta dauden, etxeko jarraipena duten edo sintomak dituzten pertsona guztiei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu.

Bigarrenik, eskerrak eman nahi dizkiegu osasun eta larrialdi arloko langile guztiei, egiten ari diren lan handiagatik, bai eta zerbitzu publikoen multzoko langile guztiei ere, zaintza-lanetan, garbiketalanetan, supermerkatuetan, elikadura-dendetan, farmazietan … eta gure eskubideak bermatzeko eta oinarrizko produktuak eskuratzeko lanean ari diren guztiei.

Hirugarrenik, Nafarroako herritarrak koronabirusaren ondorioak arintzeko erakusten ari diren erantzunkidetasuna eta elkartasuna balioetsi nahi dugu, bai prebentzio-neurriei dagokienez, bai herriz herri eta auzoz auzo sortzen ari diren elkartasun-sare komunitarioei dagokienez, gehien behar dutenekin lankidetzan aritzeko. Auzolana beti izan da gure herriak duen esentzietako bat, eta berriz ere erakusten ari gara elkarren babesa, elkarlana eta elkartasunaren garrantzia.

2. IRAKURKETA OROKORRA

Osasun krisi larri baten aurrean gaude, duela hilabete batzuk imajinatu ezin genuena, ezta orain dela aste batzuk ere. Gizarte, lan eta ekonomia arloan ondorio larriak ere izaten ari da, eta aurrerantzean izanen ditu. Oso jakitun gara oso une gogorrak direla, eta ikusteke dago ondorioen nondik norakoa arlo guztietan. Ziurgabetasun-egoera batean, logikoa da biztanleek beldurra izatea, eta guztion artean bideratzen saiatu behar dugun emozioa da lehentasunak argi izanda.

EH Bilduren lehentasuna osasun publikoa eta herritarren ongizatea dira. Eta, gizarte osoa bezala, zinez kezkatuta gaude. Krisi hau zaintza erdigunean ez daukan sistema baten ahuldade guztiak ispilu aurrean jartzen ari delako, mugimendu feminista planteatzen ari den bezala. Agerikoa da, era berean, 2008ko krisiaren ondoren, funtsezko zerbitzu publikoak ahuldu zituzten murrizketapolitikek ere eragin nabarmena izan zutela. Joera hori iraultzen hasi da azken urteotan, baina egoera honek erakusten du beharrezkoa dela indartzen, sendotzen eta hobetzen jarraitzea, pribatizazioak eta murrizketak defendatzen jarraitzen dutenen aurrean.

Eta egungo markoaren mugak ere agerian geratzen ari dira: neurri asko Madrilen erabakitzen denaren mende geratzen dira, Alarma Egoera dekretatzearekin batera areagotu den joera. Lehentasuna nafarron osasuna dela oinarri hartuta, kezkatzen gaitu une honetan Nafarroako Gobernuak lehentasunezko esparruetan garatu beharreko ekimena Espainiako Gobernuaren aginte bakarraren mende geratzea; izan ere, Espainiako Gobernuak ez ditu ez Nafarroaren errealitatea ez berezko beharrak ezagutzen, eta bizitzen ari garen salbuespen egoera baliatzen ari da eskumenak berriro zentralizatzeko. Madrilen hartzen den erabaki bat bera ere ez da Nafarroan hartzen direnak baino hobea edo eraginkorragoa izango, hemen gure errealitatearen ezagutzatik eta gure baliabideen kudeaketa eraginkorretik abiatzen baikara. Frogatuta geratzen ari da egoera hau maskarak eta babes-ekipoak erosi eta kudeatzerakoan. Garrantzitsuena eragile eta administrazio desberdinen arteko koordinazio eta lankidetza egokia da, tokiko errealitate eta instituzioetatik hasi eta Europako esparruetara arte.

Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu diogu bera izan dadila egoeraren kudeaketaren lidergoa bere gain hartzen jarraituko duena. Balioan jartzen dugu Nafarroako Gobernuaren prestutasuna eta arintasuna talde politikoekiko komunikazioan, hartuz joan diren neurri ezberdinen inguruko kontaktua eta informazioa etengabeak izan baitira eta baitira. Baina puntu honetara iritsita, uste dugu ez dela nahikoa, eta helarazi diogu beharrezkoa dela arreta, zaintzak eta ondorio ekonomiko, lan arlokoak eta sozialak bermatzeko neurriak mahai zabal batetik kudeatzea, eragile sozial, ekonomiko, politiko eta feministen parte-hartzea bermatuz. Orain arte ez dugu proposamen honekiko erantzunik izan.

3. ARLOKAKO BALORAZIOA ETA PROPOSAMENAK

3.1.Osasun arloari dagokionez

Profesionalek ez dute beren burua babesteko material nahikorik, ez maskarillarik ez bakartze ekipamendurik ere, eta premiazkoa da Nafarroako Gobernuak egoera honi irtenbide bat ematea. Ez da ulergarria poliziek eta militarrek bai, eta gaixoekin edo sintomak dituzten pertsonekin harreman zuzenean daudenek bitartekorik ez izatea. Ez da ulergarria Osasun Ministerioak erosketa zentralizatua iragarri eta materialik ez lortzea edo erkidegoetara ez iristea. Ez dakigu dauden baliabideak nola banatzen ari diren. Erabateko opakutasuna dago. Irizpide publikoak eta argiak eskatzen ditugu.

Ministroak berak esan zuen Erkidegoek beren kabuz eros zezaketela materiala. Horretan ari al da Nafarroako Osasun Departamentua? Osasun sailburuak esan zuen ez dagoela “hornikuntza gabezia” arazorik, baina materialik ez badago, arrazionalizatzen ari direlako dela. Zein irizpideren arabera? Arrisku egoerak sortzen ari dira hainbat arlotan, baita egoitzetako eta bestelako gune sozio-sanitarioetako profesionalen kasuan ere. Babes-ekipoak eta maskarillak premiaz banatu behar dira eremu sozio-sanitario osoan.

Babes-material faltari buruzko informazioak benetakoak badira orokorrean, langileei jakinarazi beharko litzaieke, alternatibak baloratu ahal izan ditzaten. Langileei arazoen berri ez emateak mesfidantza eta urduritasuna baino ez du sortzen.

Estatu mailan ekipo horiek erosteko aukerarik ez badago, Erret Dekretuak aukera ematen dio Estatuari sektore pribatuko ekoizpen-zentroak edo enpresak bere gain hartzeko. Estatuak ez al du asmorik maskarillak eta babes ekipoak ekoizteko bitartekoak administrazioaren esku uzteko?

Profesionalei ez zaie proba egiten ari, eta asko beldur dira kasu positiboekin jardun izanagatik, sintomarik gabe ere, birusa kutsatzen ari ote zaien, eta beraiek gaixoei transmititzen ari ote zaizkien. Profesional guztiei egin behar zaie proba.

Erraztasunak eta babesa eman behar zaizkie profesionalei, beren lana baldintza onenetan egin dezaten eta beren familientzat transmisio-foku izan ez daitezen. Ospitale-eremuetatik gertu dauden hoteletako logelak gaitu beharko lirateke, hala behar duten osasun-langileentzat, haien babesa bermatzeko.

Gomendagarria litzateke, halaber, ospitale-inguruko hotel-enpresekin hitz egitea, horietako batzuk dagoeneko beren burua eskaini baitute, hotel-azpiegitura horiek ospitale-oheetara  bideratzeko. Gaixo horiek artatzeko zentro espezifikoak sortzeak ospitaleak askatzeko aukera emango luke, gainerako osasun arreta bermatzeko. Egun gutxi barru izan daitekeen hazkundearen arabera, litekeena da ospitaleetako ohe berri kopuru handia behar izatea.

Lehen Mailako Arretan bereziki, oso biztanle gutxi ari dira arreta presentziala jasotzen osasunzentro gehienetan. Profesional askok telelanaren bidez egin lezakete, herritarren % 80ari telefonoz egiten ari baitzaie jarraipena, hainbat osasun-zentrotatik esaten ari zaizkigunez. Kasu askotan, dagoeneko, whatsapp bidezko bideokonferentzia erabiltzen ari dira pazienteen jarraipena egiteko, eta profesionalak eta pazienteak pozik daude. Baina lana hobetzeko SIMcard duten tabletak behar dituztela ohartarazi dute.

Komenigarria litzateke baloratzea ea arreta, asteburuetan, oinarrizko eremu bakoitzeko erreferentziazko profesionalak (kupoa) egin beharko lukeen telelaguntza bidez, astean zehar asistentzia-jardueraren beherakada ikusita. Guardiako langileei lana deskargatzeko aukera emango lieke.

Testei dagokienez, gure iritziz, kutsatuta egon daitezkeen susmoa duten paziente guztiei egin behar zaie, eta benetako positiboak identifikatuta eduki behar dira. Test azkarra eskura dagoenean, osasun-zentroetan kopuru nahikoa jarri behar da. Test horiek egiteko, estrategia zehaztu behar da. Izan daiteke 20 minuturo hitzorduak ematea osasun-zentroetan orain kasu positibo gisa tratatzen diren pertsona guztiei, etxean diagnostikatu gabe daudenei. Aurreikusitako eremuetan egingo litzateke, eta lanaldia amaitzean desinfektatu egingo lirateke. Autotik ere egin ahal izango litzateke zuzenean, beste toki batzuetan egiten ari den moduan.

Nafarroako Gobernuaren Lege Dekretuak dioenaren arabera, posible izanen da erretiratutako osasun langileak kontratatzea, lanaldi osokoak, lan murrizketa dutenak edo beste egoera batzuetan daudenak administrazioaren esku jar daitezen. Beraz, Administrazioak eskura dituen eta ez dituen giza baliabide guztiak jarriko ditu. Zer ekarpen egiten ari dira eta egingo dituzte ospitale eta klinika pribatuek? Plangintza bat egin behar da sektore pribatuko profesionalen eta baliabideen zati bat Osasunbidearen zerbitzura jartzeko.

Ildo honetan, pozez hartu dugu Nafarroako Gobernuak osasun-sare publiko eta pribaturako agintaritza bakarra sortu izana, eskura dauden baliabideen ikuspegi globala izateko, Zaintza Intentsiboko oheak barne. Osasun-sistema publiko osoa kargatu beharrean, osasun-sare osoa baliatu behar da. Gobernuari eskatzen diogu argitu dezala zein den Osasun Departamentuaren aurreikuspena sektore pribatuaren erabilerari dagokionez.

3.2. Ekonomia eta lan-neurriei dagokienez

Biziki kezkatzen gaitu batzuek egoera aprobetxatu nahi izatea eskubideak murrizteko, eta krisi honen ondorioak, 2008. urtekoan bezala, herri-sektoreek eta pertsona ahulenek ordaintzea. Egoerak zailak direnean, ondorioak ezin dituzte langileek bakarrik jasan; aitzitik, krisi honen kostuei aurre egiteko gizartearen ekarpenak proportzionala izan behar du. Hainbat gai jorratu behar dira:

a) Nafarroako gobernua jarduera ekonomikoa mantentzearekin tematuta ikusten dugu. “Osasuna babestu bai, baina lan egin behar da, eta ekonomiak aurrera egin behar du”. Argi izan behar da zein diren hartzen diren neurrien lehentasunak, eta une honetan osasun publikoa zaintzeak izan behar du helburu, langileak babestuz. Gure ustez, krisi hau lehenbailehen gainditzeko, ezinbestekoa da jarduera oro gutxienekora murriztea, oinarrizko eta funtsezko zerbitzuak salbuetsiz, eta gizartearen gehiengo zabalaren konfinamendu eraginkorra bermatzea, Italian dekretatu den bezala.

b) Oraingoz Nafarroako Gobernuak iragarritako neurri ekonomikoak oso orokorrak dira. 100 milioi funtsa sortu da, zabal litekeena, baina ez da zehazten nola banatuko den. Espazio sozio-sanitarioak eta gizartearen ongizatea bermatzeko baliabideek lehentasuna izan behar dute orain, horretarako behar diren giza baliabide eta baliabide material guztiak ezarriz. Faltan bota dugu funts horren helburuen artean ez jasotzea udalek izan ditzaketen aparteko beharrak, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu horiek aintzat hartzeko.

c) Langile publikoen atalean, ados gaude langileak administrazioaren esku egon behar izatearekin eta orain arte oinarrizko zerbitzuak bermatzeko zeuden irizpideak malgutzearekin, baina neurri berezi horietatik salbuetsita dauden pertsona bakarrak haurdun dauden emakumeak dira. Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak ere kontuan hartu beharko lirateke, adibidez. Pertsona horiek guztiek konfinatuta egon beharko lukete, eta lanera joatetik salbuetsita, sektore publikoan zein pribatuan.

d) Langileen osasuna babesteari dagokionez, Funtzio Publikoan telelana lehenesteko hartutako neurriak ontzat ematen ditugu, eta Foru Gobernuari eskatzen diogu enpresa pribatuetan ere arriskuen prebentzioa zaindu dezala, segurtasun- eta osasun-arloko prebentzio-neurrien jarraipen eraginkorra egin dadin, sindikatuak eskatzen ari diren bezala. Nolanahi ere, ekoizpen-jarduerak gutxienekoa eta salbuespenezkoa izan behar luke.

e) Lege Dekretuan zabaldu egiten dira enpresei abalak eta maileguak emateko aukerak. Ados gaude une hauetan enpresei likidezia ematearekin, baina benetako konpromisoa hartu behar dute enplegua eta lan-eskubideak mantentzearekin. Sektore publikoak eta Ogasunak egingo duten ahalegina ikusita, patronalak, sektore pribatuak eta enpresek, zer ekarpen egingo dute? Nafarroako Gobernuaren aldetik exijitu eta argitu beharreko kontua da.

Espainiako Gobernuak iragarritako ICO kredituak, besteak beste, negozioaren bideragarritasunari baldintzatuta daude. Bideragarritasun hori, kasu askotan, zalantzagarria izango da. Proposatzen dugu Nafar Gobernuari eskatzea susta dezala finantza-erakundeek kreditu bigunak ematea. Ez dezagun ahaztu bere garaian 60.000 milioi euro baino gehiagorekin erreskatatu zituztela. Orain inoiz baino gehiago exijitu behar zaio bankari gizarteari itzul diezaion bere garaian erreskatearen bidez mailegatu ziena.

f) Une honetan, Nafarroan 1.000 ERTE baino gehiago gauzatzen ari dira. Kasu horietan, sindikatuen parte-hartzea bermatu behar da, langileen eskubideak bermatzeko. Era berean, langileei Gizarte Segurantzak ordainduko diena soldaten% 100era arte osatzeko eskatu beharko litzaieke enpresei.

Edozein kasutan, enpresek eskura dituzten malgutasun-tresna eta -neurri guztiak erabili behar dituzte ERTE bat izapidetu aurretik. (Horrela dago xedatuta Alemaniako legedian, eta halaxe egiten ari dira han). ERTEen tramitazioa enpresa bakoitzaren emaitzen kontuaren mende egon behar da. Etorriko den krisi ekonomikoaren kostua ezin dute, inola ere, langileek eta sektore publikoak bakarrik hartu beren gain; enpresek pandemia horren ondorio ekonomikoei aurre egiten lagundu behar dute ezinbestean.

g) Enpresek irabaziak izango dituztenean, zerga bidez itzultzeko mekanismoak aztertu beharko dira.

h) Aipamen berezia egin behar zaio Nafarroan 47.000 pertsona inguruk osatzen duten langile eta enplegatzaile autonomoen egoerari. Estatuak hartutako neurriak ez dira nahikoak; izan ere, kasu askotan, hainbat arrazoi direla medio, ezin dute jarduera bertan behera uzteko eskatu prestazioak jasotzeko; beraz,

Nafarroak neurriak hartu behar ditu krisiak dirauen bitartean jasango duten egoera larria nabarmen murrizteko, bai eta sortzen duen enplegu gehiena berreskuratzeko eta birtxertatzeko ere. Nafarroak neurriak hartu behar ditu. Honakoak izan daitezke: prestazio ekonomiko bakarra (Katalunian egin den bezala) itxiera agindu den jardueretan autonomo gisa agertzen direnentzat, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta aldi berean beren fakturazioaren murrizketa zorrotza eta nahigabekoa egiaztatzen dutenentzat koronavirusak beren jarduera ekonomikoan dituen eraginen ondorioz, eta dirusarreren ordezko iturririk ez badute; edo bestela, laguntza emanez. “Erresistentzia-txekeak” (Kantabriak egingo duen bezala) deiturikoak, negozioen gastu finkoak estaliko dituztenak, hau da, irekita edo itxita egon (alokairua, argia, elektrizitatea, etab.), edo berriz ere lanean hasteko laguntza-neurriak hartuko dituztenak.

3.3. Hezkuntza arloari dagokionez 

Ikastetxe guztien itxierak zalantza handiko egoera ekarri du ikasturte-amaiera honetarako, eta profesionalak eta ikasleak ahalegin handia egiten ari dira egoera horren ondorioak arintzeko.

Balioesten dugu Hezkuntza Departamentuak hasieran emandako jarraibideak aldatu izana eta irakasleek lehentasunez etxetik lan egin dezaten bultzatzea, jakinik ikasleei egin beharreko jarraipena ahalegin erantsia izaten ari dela.

Premiaz heldu beharreko hainbat alderdik kezkatzen gaituzte:

• Lehenik eta behin, ikasturte amaiera honetarako aurreikusitako oposizioekin zer gertatuko den argitzea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Oposiziogileek ziurtasunak behar dituzte lehenbailehen.

• Ziurtasun berberak behar dituzte EvAUra aurkeztuko diren 2. Batxilergoko irakasleek eta ikasleek ere. Premiazko erabakiak hartu behar dira gai-zerrendak murrizteari eta datak atzeratzeari dagokionez.

• Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasle guztiek beharrezko jarraipena izatea bermatu behar da; beraz, inplikatutako irakasleek eta orientazio-taldeek egiten ari diren lanaz gain, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (CREENA) bere lana indartu behar du.

• Modu eraginkorrean bermatzea ikasleen artean eten digitalik ez dagoela eta eskola-lana telematikoki egin ahal izateko baliabide guztiak dituztela.

3.4. Eskubide sozialen arloari dagokionez

Egoera ekonomiko eta sozial ahulean dauden pertsona asko daude, une honetan laguntza ekonomiko eta sozial handiagoa beharko dutenak. Premiaz aurreikusi eta hartu behar dira pertsona horien guztien eskubideak eta ongizatea babesteko neurriak. Ezinbesteko neurria da oinarrizko zerbitzuen plantillak indartzea, behar berriei erantzuteko.

Beharrezkoa da, era berean, errenta bermatuaren tramiteak arintzea eta larrialdietarako laguntzak zabaltzea. Horretarako, langileak berrantolatu beharko lirateke, administrazio-izapide premiazkoenak ateratzeko eta premia berriei erantzuteko. Sektoreka, bereziki kezkatzen gaituzte:

3.4.1. Egoitza sozio-sanitarioak Egoitzak gune ahulenetako batzuk dira, eta familien eta langileen kezka agerikoa da. Martxoaren 20an Nafarroako Gobernuak Covid-19 egoitzetako balizko kasuen aurrean Osasun protokoloa onartu zuen. Babes ekipoak falta dira, kutsatutako pertsonak isolatuta daude egoitzen barruan, eta baja asko izango direla aurreikusten da. Premiei buruzko aurreikuspenak egin eta neurriak hartu behar dira, esaterako:

• Onartutako protokoloak ezartzen duen bezala, zentro horietan maizago egon edo igaro daitezkeen mediku-langile eta -ekipoen errefortzua bermatzea. Norbera babesteko ekipamenduak eta beharrezko materiala bermatzea.

• Kontratazioen zerrenda bat egitea, beharrezkoa denerako. Dagoeneko aitortu dute ez dutela titulua eskatuko kontratatu ahal izateko, jende asko langabezian geratzen ari baita, bereziki etxeko langileak. Emakume horiek esperientzia dute, eta, beraz, kontratatu ahal izango lirateke.

• Egoitzetako kutsadura-egoera kezkagarria izaten hasi da: egoera larriagotzen bada, egoera onena duten pertsonak atera beharko lirateke pisuetara, pisu jakin batzuk prestatu beharko lirateke horretarako, edo, beharrezkoa balitz, hoteletan edo, adibidez, elizako beste higiezin batzuetan egin beharko litzateke.

• Kasu larriak itunpeko egoitzetan gertatzen ari dira, eta horiek, beren onurei eustea bilatzeaz gain, uste dugu kasu horietan administrazioak ahaleginak eta erantzukizunak eskatu behar dizkiela haiei ere. 

• Langileen urduritasuna eta estresa ikusita, beharrezkoa da informazioa eta aholkularitza etengabea izatea.

• Administrazioak egoitza pribatuetan hartzen ari diren segurtasun-neurriak kontrolatzea.

3.4.2. Etxez etxeko arretako zerbitzua Errealitatea ez-ohikoa, eta, gure ustez, beharrezkoa da arlo honetan ere egoera zein den jakitea. Erabiltzaile askok baja eman du, pertsonetako asko senideak artatzen ari direlako. Edonola ere, aurreikuspena da askok orain eskatuko dutela zerbitzu hori. Horregatik, honakoa planteatzen dugu:

• Langileek prebentzio-neurriak bermatuta izan behar dituzte.

• Beharrezkoa da langileei etengabeko informazioa ematea, prebentzio-neurriak eta sor daitezkeen gainerako zalantzak bermatu ahal izateko. Osasunaren eta laneko arriskuen prebentzioaren arloko profesionalen aholkularitza izan behar dute.

• Zerbitzua egoera berrietara berregokitzea, langileak indartuz eta orain arte ematen ez zituzten beste zerbitzu mota batzuk emanez. Aparteko egoera horretan ordutegiak langile gehiagorekin zabaltzea, asteburuetan ere bai.

• Etxean geratu diren senideen kontratazioak arintzea, haiek zaintzeko.

• Janari banaketa bermatzea, zerbitzu hori Gurutze Gorriarekin eta auzo eta herrietan sortu diren talde komunitarioekin koordinatuz.

• Hemen ere, bajan egongo diren edo senideak zaintzeko etxean geratu beharko duten langileen ehuneko handi bat egongo da. Beharrezkoa da aurrea hartzea eta kontratazio zerrenda bat izatea.

3.4.3. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak Oso sektore ahula da, eta egoera honetan babesgabetasun-egoera oso kezkagarria da. Une honetan emakume horien egoera okertu egingo da, beste leku batzuetan gertatu den bezala, hala nola Txinan, non kasuak esponentzialki handitu ziren konfinamenduarekin. Oso zaila izango da kasu horiek antzematea eta emakumeak salatzera iristea. Euren etxeetan dauden identifikatutako kasuak deien bidez kontrolatzen ari dira, eta hori gutxiegi izan daiteke. Harrera etxea saturatuta dago, eta, gainera, familiak daude kutsatuta. Egoera horren aurrean, neurri hauek hartu beharko liratekeela uste dugu: 

• Larrialdietarako pisu gehiago prestatzea.

• Arreta eta sentsibilizaziorako telefonoei buruz dagoeneko martxan dagoen informaziokanpaina denboran mantentzea eta indartzea.

• Jarraipena indartzea, telefono-dei gehiago egitea, bideo-deiak edo bideokonferentziak gaitzea, laguntza-sareak erabiltzea …

3.4.4. Adingabeak

Hauxe da talderik ahulenetako beste bat, eta kezkatuta gaude babesik gabe dauden eta beren etxeetan konfinatuta dauden haurren egoera dela eta. Une honetan oinarrizko beharrak bermatzen saiatzen ari dira, janaria bereziki. Jangeletan ematen zen janaria bermatzeko kita bidaltzen zaie. Haur horietako asko oso desegituratuta dauden eta arazo erantsi handiak dituzten familietan daude; etxean konfinatuta egoteak nabarmen larriagotzen du egoera. Jarraipena telefonoz egiten ari dira, eta baliteke hori nahikoa ez izatea. Proposamenak:

• Jarraipena indartzea, telefono-dei gehiago, bideo-dei gehiago, noizbehinkako bisitak…

• Kasu honetan ere, oinarrizko beharrak bermatzeaz gain, zerbitzuak indartu eta laguntza psikologikoa eskaini beharko litzaieke.

• Etxetik irten behar duten premiazko kasuetarako pisuen aurreikuspena.

• Adingabearen eta familia osoaren eguneko hiru otorduak bermatzeko behar den elikadura bermatzea. Janari osasungarria eta orekatua izatea bermatzea.

3.4.5. Pertsona migratzaileak Biztanleriaren sektore ahulenetako bat, zalantzarik gabe, egoera administratibo irregularrean dauden migratzaileena da. Are gehiago, egoera honetan. Oinarrizko gizarte-zerbitzuetara jotzeko zailtasunak edo laguntza-estaldurarik ezak, hala nola elikagai-bankuak edo beste erakunde batzuk, babesik gabe uzten ari dira pertsona horiek. Era berean, etxebizitzaren arloko prekarietateegoerek erantzun ausartak eskatzen dituzte pertsona guztien osasuna bermatzeko. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu premiazko neurri hauek ezartzea:

• Gaur egun Nafarroan bizi diren pertsona guztiek, beren administrazio-egoera edozein dela ere, zerbitzu publiko guztiak eta Nafarroako Gobernutik edo udalerrietatik ezartzen diren neurri guztiak (osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak, etab.) baliatu ahal izatea.

• Nafarroako Gobernuak udalerriei eska diezaiela oinarrizko gizarte-zerbitzuetatik edo tokiadministrazioko beste esparru batzuetatik erroldak errazteko, pertsona guztiek aukera izan dezaten foru eta udal mailan planteatzen diren neurri guztiei heltzeko. Larrialdietan, ezinbesteko baldintza ez izatea. Udalerriei baliabideak eta koordinazioa eskaintzea, jatorriagatik edo egoera administratiboagatik inor arreta gabe gera ez dadin.

• Osasun-arauak berma ditzaketen espazio publikoak gaitzea, etxean pilaketa-, osasungarritasun- edo bizikidetza-arazoak edo beste arrazoi batzuk direla-eta bete ezin diren pertsona guztientzat. Era berean, etxerik gabeko pertsonentzako espazio horiek erraztea.

Bestalde, Nafarroako Atzerritarren Bulegoa ixteak eta duela hilabete batzuetatik pertsona askok eskatutako hitzorduak baliogabetzeak ekarriko du pertsona horiek 2021era arte itxaron behar izatea beren tramitazioak egiteko. Itxaron-zerrendak, COVID-1en krisiaren aurretik jada, sei hilabetetik 13 hilabetera bitartean zihoazen, egin beharreko izapide motaren arabera, hainbat gizarte-kolektibok jada salatu zuten bezala. Azpimarratu behar da atzerritartasun-izapide horiek ezinbestekoak direla pertsona askoren eskubideak baliatzeko. Estatuko administrazioaren eraginkortasunik eza diskriminazio-praktika bat da, eta pertsonentzako oinarrizko alderdi askori eragiten die (lanekoak, familiakoak, asiloa, etab.). Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela estatuko administrazioari eskatzea premiaz ebatz dezala atzerritartasun-bulegoetako tramitazioen egoera kaotikoa, lehenik eta behin hitzordua galdu duten pertsonei irtenbidea emanez.

3.4.6. Etxeko langileak Krisi honen ondorioak gehien jasaten ari den sektoreetako bat da. Ez dezagun ahaztu baldintza txarretan ari direla lanean, eta asko kontraturik gabe. Horietako asko beren lana galtzen ari dira, beste batzuek ezin dituzte beren senideak artatu, eta babes eta segurtasun baldintzak baliogabeak dituzte. Ez ditugu langile hauek ahaztu behar.

Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, lehenik eta behin, beren lan-eskubideei buruzko informazioa eta aholkularitza eman diezaiela, bai eta kontrola ere, prebentzioneurrietarako duten eskubidea berma diezaieten.

Neurri bereziak hartu behar dira lanik gabe geratu direnentzat, bereziki kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik ez dutenentzat edo beren ardurapean adingabeak dituztenentzat. Zaintzan esperientzia duten pertsonak dira, eta kontuan hartu behar dira zentro sozio-sanitarioetan egin daitezkeen kontratazioetarako.

3.4.7. Desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak

Egoera honetan neurri espezifikoak behar dituzten kolektibo kalteberak ere badira:

• Senitartekoei berariazko aholkularitza eman behar zaie, zaintzan laguntzeko.

• Telefono bidezko jarraipena eta laguntza psikologikoa indartzea beharra duten pertsonentzat.

• Beren osasun eta segurtasunagatik eta inguruan dituzten pertsonengatik, gaixotasun mentala, desgaitasun intelektuala edo espektro autistaren nahasmenduak dituzten pertsonek ibilaldi terapeutikoetarako eskubidea bermatzea beharrezkoa da.

3.4.8. Etxerik gabeko pertsonak Kalean lo egiten duten pertsonei espazio seguruak eskaintzea. Gauez eta egunez egotea bermatuko dien gune bat.

3.4.9. Etxebizitza izateko eskubidea Premiazkoa da etxebizitza saturatuetan bizi diren eta konfinamendurako baldintza onak bermatu ezin dituzten pertsonentzat bizileku-alternatibak eskaintzea.

3.5. Larrialdi eta babes zibiliko arloari dagokionez

Nafarroan larrialdietako eta babes zibileko plantilla daukagu, suhiltzaile prestatuak, eta salbuespenezko edozein jardueratarako babes-ekipo egokiak dituena.

Suteen ondoriozko irteeren ohiko jarduera nabarmen jaitsi den une batean, gure ustez, Nafarroako Gobernuak larrialdietarako eta babes zibilerako baliabide propioak ahalik eta gehien baliatu behar ditu aparteko lanetarako.

Ez da logikoa militarrak gure osasun zentroetan oso beharrezkoa litzatekeen babes materialaren ostentze lanak egiten ari izatea, bulego eta egoitza hutsak desinfektatzeko. Ezin dugu onartu baliabide propio batzuk gutxiegi erabiltzea, plantillaren zati handi bat garbiketa- eta desinfekziolanak egiteko prest egonda, behar izanez gero, zaurgarritasun handiagoko zentro eta espazioetan, hala nola egoitza sozio-sanitarioetan.

3.6. Presoen egoerari buruz

Kartzeletako higiene eta osasun baldintzak kezkagarriak dira berez, eta are gehiago egun bizitzen ari garen honetan, non koronavirusa kalean baino hilgarriagoa izan daitekeen. Beharrezkoa da urgentziazko neurriak hartzea, espetxe barruan birusa zabaltzea saihestuko dutenak eta presoen oinarrizko eskubideak bermatuko dituztenak. Hori dela eta, 20 erakundek baino gehiagok premiazko neurriak eskatu dizkiote Barne Ministerioari eta Espetxe Erakundeei, presoen osasuna bermatzeko eta zaurgarrienak askatzeko.

EH Bilduren ustez, premiazkoa da espetxeetan osasun-langileen plantillak indartzea eta 70 urtetik gorako pertsonak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta zigorraren 3/4k bete dutenak espetxetik ateratzea. Era berean, eta bisitak eta bisak bertan behera geratu direnez, beharrezko baliabideak jarri behar dira senideekin bideo-deiak egin ahal izateko.

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu Espetxe Erakundeei exijitu diezaiela neurri horiek Iruñeko kartzelan kudeatzea, eta Estatuko beste kartzeletan dauden preso nafarrei aplika diezazkiela.

Zaindu gaitezen. Cuidémonos.

Euskal Herria Bildu konprometituta dago herritarrekin, bere osasunarekin eta bere ongizatearekin. Asmo horrekin geure prestutasuna azaldu diogu Nafarroako Gobernuari, modu positiboan ekarpenak egiteko eta gure esku dagoen guztian laguntzeko, guztion artean egoera hau gainditzeko. Dokumentu honek jasotzen ditu egin ditugun irakurketa eta proposamenak, ikuspegi eraikitzaile batetik eta auzolana oinarri hartuta.

CORONAVIRUSAK ERAGINDAKO ALARMA EGOERAREN INGURUA EH BILDUK EGITEN DUEN IRAKURKETA

| 2020-03-16 15:17:00

-Lehenik eta behin, gure doluminak adierazi helarazi nahi dizkiegu egun hauetan coronavirusak jota hil diren lagunen familiei. Baita gure babesa eta elkartasuna ere, ospitalean dauden edo etxeko jarraipena duten pertsona guztiei, Aierdi kontseilaria eta Yolanda Ibáñez parlamentarioari barne, eta haien guztien senitartekoei, lehenbailehen senda daitezen espero dugu.

 

- Bigarrenik, eskerrak eman nahi dizkiegu osasun-langile guztiei egiten ari diren lan bikainagatik, bai eta zerbitzu publiko guztietako langile guztiei, garbiketako langileei, supermerkatuetako langileei, elikadura-dendei, farmaziei … eta gure eskubideak bermatzeko eta oinarrizko produktuak eskuratzeko bestelako lanetan dauden guztiei ere,.

 

- Hirugarrenik, Nafarroako herritarrak koronabirusaren ondorioak arintzeko erakusten ari diren erantzunkizuna eta elkartasuna balioan jarri nahi dugu, bai prebentzio-neurriei dagokienez, bai herriz herri eta auzoz auzo sortzen ari diren elkartasun-sareei dagokienez, gehien behar dutenekin lankidetzan aritzeko. Herritarrak sare solidarioak sortzen jarraitzera animatu nahiko genituzke, gure komunitateei babesa emateko.

 

 

PROPOSAMENAK

 

Aurrekaririk gabeko osasun-krisi baten aurrean gaude, duela hilabete batzuk imajinatu ezin genuena, ezta duela aste batzuk ere, eta oso jakitun izanik oraindik ez dela okerrena iritsi. Ikusteke dago osasun, gizarte, lan eta ekonomia arloan izango dituen ondorioen norainokoa.

 

Une honetan, EH Bilduren lehentasuna osasun publikoa eta jendartearen ongizatea da. Eta, gizarte osoan bezala, serioski kezkatuta gaude. Krisi hau zaintza erdigunean ez daukan sistema baten ahuldade guztiak ispilu aurrean jartzen ari delako, gaur bertan mugimendu feministak argi azaldu duen bezala. Agerikoa da, era berean, 2008ko krisiaren ondoren, funtsezko zerbitzu publikoak ahuldu zituzten murrizketa-politikek ere eragin nabarmena izan zutela. Joera hori iraultzen hasi da azken urteotan, baina egoera horrek erakusten du beharrezkoa dela indartzen, sendotzen eta hobetzen jarraitzea, pribatizazioak eta murrizketak defendatzen jarraitzen dutenen aurrean.

 

Eta egungo markoaren mugak ere agerian uzten ari da, non erabaki asko Madrilen erabakitzen denaren kontura geratzen diren, eta are gehiago alarma egoeraren aitorpenarekin. Kezkatu egiten gaitu:

 

1. Osasun-arloa eta lan arriskuen prebentzioa. Oso garrantzitsua da profesionalek eskura izan ditzatela baliabide guztiak eta langileentzako prebentzio-neurriak bermatuta egotea. Horri dagokionez, Osasun departamentuari helarazi dizkiogu kezkak, antzematen ari diren gabeziak eta LM(lehen mailako arreta)ko zein ospitaleko profesionalek funtzionamendu eta eraginkortasun hobea izateko egindako proposamenak.

 

Hala badagokio, eta ospitaleratzeak nabarmen ugarituko direla aurreikusiz, beharrezkoa da Osasunbideak behar adina baliabide pribatu izatea eta erabiltzea, osasun publikoak lehentasuna izan behar baitu gizarte osoarentzat. Badakigu ildo horretatik hitz egiten ari direla erakunde desberdinekin, eta berandu baino lehen baliabide gehigarriak gaitu beharko direla osasun publikoak larrialdi hori artatzen jarraitu ahal izan dezan, baita gainerako herritarrei ere.

 

Langileen osasuna babesteari dagokionez, Funtzio Publikoan hartutako neurriak baloratzen ditugu, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu enpresa pribatuetan arriskuen prebentzioa zaindu dezala, sindikatuen aldarrikapenak kontuan hartuko dituzten segurtasun eta prebentzio neurri nahikoak ezarriz.

 

2. Egoeraren kudeaketari dagokionez, NGren prestutasuna eta talde politikoekiko komunikazioaren arintasuna nabarmendu nahi ditugu, etengabe ari baikara harremanetan Osasun Departamentuarekin eta Gobernuko presidentearekin, bai eta beste kontseilari batzuekin ere, eta ezagutzen ditugu hartu diren neurriak. Oinarritzat hartuta nafarren osasuna dela lehena, kezkatu egiten gaitu alarma egoeran NGk gauzatzen duen lidergoa eta haren ekintza Espainiako Gobernuaren aginte bakarraren mende geratzea, ez baitu Nafarroako errealitatea ez berezko premiak ezagutzen, eta salbuespenezko egoera hori baliatzen baita eskumenak birzentralizatzeko, garrantzitsuena eragile eta administrazio desberdinen arteko koordinazio eta lankidetza egokia denean. Madrilen hartzen den erabaki bat bera ere ez da Nafarroan hartzen direnak baino hobea edo eraginkorragoa izango, gure errealitatearen ezagutzatik eta gure baliabideen kudeaketa eraginkorretik abiatuta.

 

3. Era berean, oso kezkatuta gaude pandemiaren eta hartzen ari diren neurri jakin batzuen ondorioekin, birusa zabaltzea saihestu behar dela jakin arren:

- Lehenik eta behin, pertsona ahulenengan, mendekotasuna duten pertsonengan, adinekoengan (batez ere bakarrik bizi direnengan), eskolan ez bada janari duina bermatuta ez duten adingabeengan, gerora sortutako egoerari aurre egin ezin dioten egoera ekonomiko prekarioan dauden familiengan, indarkeria matxista jasaten duten emakumeengan… Beharrezkoa da premiazko neurriak aurreikustea eta hartzea pertsona horien guztien eskubideak eta ongizatea babesteko, Etxez-etxeko Arreta Zerbitzuak indartuz, gizarte-larrialdietarako eta energia-pobreziarako laguntzak, beharrezkoa den telefono bidezko eta aurrez aurreko jarraipen soziosanitarioa, Osasun Zentru eta Zerbitzu Zentroetatik.

 

- Bigarrenik, kezkatzen gaitu egoera aprobetxatzeak eskubideak murrizteko, eta krisi honen ondorioak, beste batzuetan bezala, sektore ahulenek ordaintzea. Dagoeneko gertatzen ari dira Aldi baterako Lan Erregulazio Espedienteak, kaleratzeak, langileen prekarizazioa hainbat esparrutan. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu aurreikus ditzala eta har ditzala neurriak langileen lan-eskubideak, osasunerako eskubidea eta kontziliaziorako eskubidea bermatzeko, baita eremu pribatuan eta autonomoetan ere, hori egin dezakeen neurrian, eta Estatuko Gobernuari plantea diezaiola Gizarte Segurantzak ere bere gain har dezala bere erantzukizuna, egoera horietan soldatadun lizentziak aurreikusteko.

 

Nafarroako Gobernuak Aldi baterako Lan Erregulazio Espedienteak eta EREak (Lan Erregulazio Espedienteak) banan-banan aztertu eta bideratzen saiatu beharko da, lan eskubideak bermatzeko. Herritarren lan eta gizarte-eskubideak blindatu behar dira, horietako bat bera ere zalantzan jar ez dadin. Egoerak zailak direnean, ondorioak ezin dituzte langileek bakarrik jasan; aitzitik, krisi honen kostuei aurre egiteko gizartearen ekarpena proportzionala izan behar da. Ildo beretik, uste dugu beharrezkoa izango dela finantzaketa-lerro espezifikoetarako aparteko neurriak gaitzea, autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak konpentsatzeko funtsak, aberastasuna birbanatzeko premiazko neurri fiskal eraginkorrak…

 

Uste dugu beharrezkoa dela zaintzarekin lotutako neurriak eta lan arloko ondorioak, ondorio ekonomikoak eta bestelakoak eragile sozioekonomiko eta politikoen mahai zabal batetik kudeatzea, mugimendu feministaren parte hartzea ere bermatuta, gaur egin duten esakera aintzat hartuz. Hori da EH Bildun egoki ikusten dugun kudeaketa eta Nafarroako Gobernuari helarazten diogun proposamena.

 

NGri pribatuan eskua luzatu diogu eta gaur publikoki egiten dugu, gure esku dagoen guztian laguntzeko, guztion artean egoera hau gainditzeko.

ALBISTEAK