AKTUALITATEA


| 2019-10-04 10:21:00

Aste honetan Nafarroako Auzitegiak argitara eman dituen bi epaiak gogor salatu ditu EH Bilduk Euskararen Dekretuaren hainbat atal baliogabetzeagatik. Izan ere, Bakartxo Ruiz bozeramaileak adierazi duen bezala, “Nafarroako eremu misto eta ez-euskaldunean euskara meritu gisa aintzat ez hartzeko erabakiak, bai eta administrazio zentralaren jakinarazpenak zein errotulazioa elebitan izateko beharra bertan behera uzteak ere, nafar euskaldunon hizkuntza eskubideen ukazioa eta zapalkuntza dakar beste beste behin”.

Bide horretan, Ruizek salatu duenez, “EH Bilduren ustez, atzerakada nabarmena da nafarron hizkuntza eskubideetan eta nafar guztiona den hizkuntzaren garapen eta aurrerabidean. Indarrean dagoen Euskararen Legeak berak ere helburu jartzen duen sustapen politikaren kontrako epaia dela deritzogu, ikuspegi erabat murriztailea ezarri duelako”. “Horrexegatik, ezinbestekoa deritzogu une honetan bere burua “aurrerakoitzat” duen Nafarroako Gobernuak herritar guztion eskubideak defendatzea, bereizkeriarik gabe eta ikuspegi murriztaileak alde batera utzita” gaineratu du.

Horrekin batera, bozeramailearen aburuz, “epaiek agerian uzten dute zonifikazioa gainditzen ez den bitartean, ezinezkoa izanen da nafar euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea eta orain da unea eztabaida berriz ere mahaigaineratzeko”.

Hori guztia dela eta, EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak Nafarroako Gobernua epaiaren aurkako helegitea jartzera premiatzen duen mozioa aurkeztu du, legegintzaldi honetako akordio programatikoak aldarrikatzen duen “kohesio soziala” eta “lurralde kohesioa”-ren alde egin dezan. Halaber, euskararen ezagutza beste hizkuntzena baino gutxiago inoiz ez baloratzeko erabakia hartzera, bai eta horrek behar duen euskarri juridikoa ematera ere, premiatzen du. Azkenik, herritar guztion eskubide berdintasuna bermatu eta zonifikazioa gaindituko duen euskararen lege berria onartzeko lan egitera premiatzen du EH Bilduk erregistratutako mozioak.