Nafarroa

Albisteak

Enpresen deslokalizazioari aurre egiteko Foru Legea proposatu du EH Bilduk


| 2020-06-06 12:13:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak enpresen deslokalizazioari aurre egiteko neurriak biltzen dituen Foru Lege Proposamen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan.

Adolfo Araiz parlamentarioak adierazi duenez, "enpresei laguntzeak eta industria-jarduerari mesede egingo dion ingurune bat sortzeak duen garrantziaz jabetuta, aldi berean kontuan hartu behar da laguntza publikoek enpresak epe luzera irauteko konpromisoa izan behar dutela kontrapartida gisa". Horregatik, "ekimen legegile honen helburua enpresen deslokalizazioa zailtzea eta Nafarroako enplegua eta ehun-produktiboa babestea da, erantzukizuna eta konpromisoa indartuz".

Foru Lege Proposamenean jasotzen denez, “ekoizpena Nafarroatik kanpora eraman eta aurreko 10 urteetan laguntza publikoak jaso dituzten enpresek laguntza horiek itzuli egin beharko dituzte. Laguntzatzat hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen esparruan ematen diren diru-laguntzak eta erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, sozietate publikoek, fundazioek eta mankomunitateek erakunde bakoitzaren aurrekontuen kargura ematen dituztenak”.

Halaber, parlamentariak adierazi duenez, "lege baliagarria izango da beren ekoizpena deslokalizatu nahi duten enpresek bi aldiz pentsatu behar izan dezaten urrats hori eman aurretik, eta, are gehiago, ekoizpena itxi edo lekualdatzeari uko egin diezaioten. Jakin badakigu COVID-19ren krisiarekin Nafarroako ehun-produktiboak laguntzak beharko dituela hura berreskuratu eta eraldatzeko, baina, era berean, ikusi dugu nola enpresa batzuk (hala nola, Nissan multinazionalak Bartzelonan iragarri duenez) bere interes ekonomikoengatik deslokalizazio berriak planteatzeko arriskua badagoen, nahiz eta laguntza handiak jaso”.

Enpresen deslokalizazioak enpleguan eta ehun produktiboan dituen "ondorio larriez" ohartarazi du Adolfo Araizek, eta azaldu du "gero eta nabarmenagoa den fenomeno horrek ondorio oso larriak eragin ditzakeela Nafarroako ehun industrialean: batetik, deslokalizazioaren fenomenoaren ondorioz enpleguak zuzenean galtzea; bestetik, deslokalizazioaren edo mehatxuaren ondorioz lan-baldintzetan atzera egitea”. Ildo horretan, “enpresak deslokalizazioaren mehatxura jotzean, soldatak murriztu egiten dira, eta lan-baldintzak okertu. Horregatik, pertsona gehiago daude, soldata jaso arren, pobreziatik atera ezin dutenak ."