Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk udan eskola-jantokiak irekitzera premiatu du Gobernua


| 2020-05-16 11:24:00

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak mozio bat erregistratu du zeinaren bidez Eskubide Sozialen Departamentua premiatzen duen, Hezkuntza eta Landa Garapenekoekin elkarlanean, "proiektu pilotu bat abiaraztera, udako hilabeteetan eskola-jantokiak ireki ahal izateko eta, hala, behar handiena duten adingabeei janaria banatzeko". Horrela, "menu osasungarri eta orekatuak bermatzea da helburua, ahal den neurrian, Nafarroako lehen sektoreko, sasoiko produktu lokal eta ekologikoa eskainiz".

EH Bilduk nabarmendu duenez, Koronabirusak eragindako krisiak "bereziki sektore ahulenak kolpatu ditu". Patricia Perales foru parlamentariak salatu duenez, "familia askoren diru-sarrerak murrizteak zailtasun handiak ekarriko ditu elikadura bezalako oinarrizko beharrak bermatzerako orduan".

Ildo horretan, Peralesek azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, "apirilean 4.615 adingaberi elikagaiak banatu zitzaizkien, eta datozen hilabeteetan 1.000 familia gehiagok errenta bermatua eskatuko dutela aurreikusten da". "Argi dago Nafarroako familia askoren egoera ekonomikoa, oraingoz, ez dela hobetuko, eta, horietako askotan, egoera are larriago bilakatuko dela", gaineratu du.

Horrela, "jantoki hauek martxan jartzeko beharra" azpimarratu du EH Bilduko paralmentariak "hainbat haur nafarren elikadura bermatzeaz gain, COVID-19ren krisiaren ondorioz euren salmentak nabarmen jaitsi direla ikusi duten ekoizle nafar askoren soberakinei irtenbidea emateko balio duelako". "Nafarroak kalitate handiko lehen sektorea du, eta hori babestu eta, era berean, hornikuntza zirkuitu laburrak bultzatu behar ditugu, tokiko ekonomia indartzeko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko", azpimarratu du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk proposamenaren garrantzia nabarmendu du "beharra duten adingabe guztiei produktu fresko, ekologiko eta sasoikoan oinarritutako elikadura orekatua bermatzeko, hori funtsezkoa baita garapen osasungarria lortzeko".