AKTUALITATEA


| 2020-02-10 14:51:00

EH Bilduk eskatu du Urkullu lehendakariak urgentziazko agerraldia egin dezala Legebiltzarreko Osoko Bilkuran, Zaldibarko zabortegiko ezbeharraren inguruan bere kabineteak izan duen jokabideari buruzko azalpenak eman ditzan. Mikel Oterok salatu duenez, "Gobernuak bere erantzukizunari uko egin dio; horren ondorioz, bi pertsona desagertu dira eta ingurumen-kalte larriak daude. Are okerrago, Gobernuaren deskoordinazio larriak erreskate lanak konprometitu ditu, emaitza positiboa lortzeko aukerak murriztuz eta erreskate taldeak arriskuan jarriz. Eskandalua handitzeko, arduradun politiko nagusiek lidergo eta enpatia falta nabarmena erakutsi dute, larrialdiko egoera bati aurre egin beharrean, ezkutatu egin baitira. Egoerak erantzukizunak berehala argitzea eskatzen du, eta Urkulluk aurpegia eman behar du, ezin da gehiago ezkutatu". Hori dela eta, EH Bilduk agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, Osoko Bilkuran edo, hauteskundeak aurreratzen baditu, Diputazio Iraunkorrean.

Mikel Oterok azpimarratu duenez, “Zaldibarko ezbeharra ez da naturala izan, gaizki egindako gauza askoren ondorioa izan da", eta hor, azaldu du, bi aktore nagusi daude: bata, zabortegiaren jabe den enpresa, ingurumen-araudia behar bezala ez betetzeagatik; bestea, Jaurlaritza, utzikeriaz jokatzeagatik, kontrol neurri zorrotzak ez aplikatzeagatik. Izan ere, zabortegia martxan jarraitzea utzi zuen, araudiaren ez-betetze larriak zeudela ekainetik zekien arren.

Era berean, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren barruko "deskoordinazioa" kritikatu du: "Hasieratik zekien zabortegian milaka tona amianto zeudela, baina ordu asko pasatzen utzi zituen horretaz ohartarazi arte. Ondorioz, erreskate taldeak arriskuan jarri zituen, eta, gainera, lanak gelditu behar izan zituen oso garrantzitsuak ziren ordu batzuetan, bi langileak bizirik aurkitzeko aukera istripua gertatu zenetik igarotako denborarekiko alderantziz proportzionala delako".

Ostegunaz geroztik, sailburuak eta lehendakaria mutu egon direla salatu du Oterok, eta Urkulluk krisiaren kudeaketaren agintea zuzenean har dezala eskatu du. Era berean, ohartarazi du Zaldibarren "lehen mailako krisia" dagoela. Horren harira, azaldu du bi langileek desagertuta jarraitzen dutela, milaka tona hondakin daudela ezegonkortasun egoeran, hondakin kutsakorrak daudela (amiantoa, PCB), batzuk baimenik gabekoak, ibaian bukatu daitezkeenak, eta, kolofoi gisa, "hondakinen sute aktibo bat dugu, hau da, aire zabaleko errauskailu bat, inongo filtrorik gabe".

Egoera ikusita, EH Bilduko legebiltzarkideak uste du Urkulluk argitu behar duela "larrialdi egoera katastrofiko baten aurrean gauden". Kasu horretan, gogorarazi du Larrialdiak Kudeatzeko Legea eta Babes Zibileko Planaren arabera lehendakariari dagokiola krisiaren kudeaketaren buru izatea.

Oterorekin batera, Aitor Lopez Zaldibarko zinegotzia egon da, eta Zaldibar, Eibar eta Ermuako herritarrei egoeraren eta arriskuen berri eman ez izana aurpegiratu dio Gobernuari. Azaldu duenez, inguruko bizilagunen artean "kezka eta ezinegona dago, galdera asko daudelako baina oso erantzun gutxi".