AKTUALITATEA


| 2020-05-12 13:19:00

EH Bilduk kezkaz eta arduraz hartu du atzo ostalaritzak eta, oro har, merkataritzaren sektore osoak bizi izan zuen anabasa. “Jokabide batzuk arduragabeak eta salatzeko modukoak izan direla ezkutatu gabe”, Iker Casanovak adierazi du “anabasa eta nahaspila hori Jaurlaritzaren laguntza faltaren ondorio” ere badela. “Sektorea eta autonomoak orokorrean instituzioek abandonaturik daude eta ostalari eta merkatari askok premia ekonomikoak derrigortuta eta etsipenak bultzatuta ireki behar izan dute, nahiz eta edozein negoziok behar dituen baldintzak benetan ematen ez diren. Bi hilabete igaro dira euren negozioak itxi eta etxera joan zirenetik eta Gobernua oraindik ez da dirulaguntzak emateko gai izan; are okerrago, laguntzak berriro atzeratzea erabaki duela jakin dugu gaur. Lotsagarria da”.

EH Bilduren ordezkariak dirulaguntza horien premia aldarrikatu du, “sektorearen biziraupena bermatzeko”, eta azpimarratu du behar-beharrezkoak izango direla “negozioak berme guztiekin, ez atzo bezala, berriro irekitzea posiblea izan arte”. Hori da, hain justu, EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztu duen proposamena; alegia, laguntzak eman eta luzatzea negozioak bideragarriak izan arte. Casanovaren hitzetan, “autonomoei negozioa itxita mantentzeko aukera eman behar zaie laguntzak moztu gabe; babes hori izango dutela jakinda, beraiek erabaki behar dute berriro irekitzen duten edo normaltasun egoera batera iritsi arte itxoitea hobesten duten, osasun arriskua murriztuta. Bestela, arrisku horretaz gainera, bi hilabeteko itxieraren ondoriozko galera ekonomikoei gutxieneko baldintzak izan gabe irekitzeak ekarriko dituen galerak gehitu beharko dizkiete”.

Diputazio Iraunkorrak eztabaidatuko duen EH Bilduren proposamenak Nafarroako eredua aplikatzea planteatzen du. “Han adostu eta onartu duten bezala, hemen ere Jaurlaritzak 2.200 euroko dirulaguntza eman diezaieke jarduera eten behar izan duten autonomoei, 700 eurokoa fakturazioan gutxienez %30eko murrizketa pairatu dutenei. Borondate politikoa baino ez da behar. Hori da eskatzen duguna”.