Legebiltzarra

Albisteak

Talde parlamentario guztiek onartu dute eskola jantokietan Lakuaren kudeaketa txarrak kalte ekonomikoa eragin duela


EH Bilduren ustez, “EAJ eta PSEk itxurak egin dituzte, haserrea adieraziz, helburu bakar batekin: arreta desbideratzea eta Hezkuntza Sailaren kontrolik eza ezkutatzea eskola jantokien kontratazioan”.

| 2019-06-24 16:55:00

EH Bilduren iritziz, gaur azpimarratzekoa da talde parlamentario guzti-guztiek, EAJ eta PSE barne, onartu dutela Jaurlaritzaren kudeaketa txarra izan dela eskola jantokien auzian eta kudeaketa txar horrek kalte ekonomikoa eragin duela funts publikoentzat eta, oro har, herritarrentzat. Hori dela eta, Eva Lopez de Arroyabek adierazi duenez, “ulergaitza da EAJ eta PSEren desmarkea eta alderdi horiek bat ez egitea bihar ponentzian onartuko den irizpenarekin”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du bai EAJk, bai PSEk, gaur kontrakoa esan duten arren, Hezkuntza Sailaren kudeaketa txarra aitortu egin dutela, bai eta kalte ekonomikoa ere. Izan ere, euren zuzenketetan argi onartu zuten, hitzez hitz, Hezkuntza Sailean kontrol mekanismo nahikoren erregulazio falta egon dela eta enpresa esleipendunen jokabidearen ondoriozko gainkostuak kalte ekonomikoa eragin zuela funts publikoentzat eta herritarrentzat, Lehiaren Euskal Agintaritzak ebatzi eta zigortu bezala. “Zuzenketetan hala onartu ostean, ez du batere zentzurik orain EAJ eta PSE ponentziaren irizpenaren kontra agertzea, funtsean ondorio nagusi bi horietara iristen delako”.
Hori horrela, Lopez de Arroyabek arreta desbideratzen eta Jaurlaritzaren kudeaketa txarra ezkutatzen saiatzea egotzi die EAJ eta PSEri. “Gaur antzezlana egin dute, kasketa bat, gezurrak eta sasi-gezurrak esaten helburu bakar batekin: arreta desbideratzea eta ezkutatzea eskola jantokien kontratazioan Hezkuntza Sailaren kontrol falta egon dela eta hori oso garesti atera zaiela administrazioari, familiei eta, oro har, gizarte osoari”.