AKTUALITATEA


| 2020-07-27 12:54:00

EH Bilduko 21 legebiltzarkideek euren akreditazioa jaso dute gaur Legebiltzarrean, “hauteskunde kanpainan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei emandako hitza betetzeko” prest, Maddalen Iriartek adierazi duenez. Bozeramaileak azaldu du zein izango diren koalizioaren lehentasun politikoak hastekoa den legealdian. “Krisi hirukoitz baten aurrean gaude, sanitarioa, ekonomikoa eta soziala, eta ezin da 2008ko krisialdian gertatu zena errepikatu, krisia ezin dute betikoek ordaindu. Gobernuen ardura eta obligazioa da neurriak hartzea hori saihesteko, prekarietatea areagotzea ezin delako irtenbidea izan. Gure lehentasunak termino horietan planteatuko ditugu: krisialditik gizarte justuago batekin atera behar dugu, zerbitzu publikoak indartuta, lan eta bizi baldintza duinak ziurtatuta eta prekarietate indizeak nabarmen murriztuta. Bide horretan estatus politiko berria ere legealdiko gakoetariko bat izango da. Krisiari ahalik eta hobekien aurre egin nahi badiogu, tresna propioak behar ditugu, defizit muga erabakitzeko, adibidez, eta hori ez da posible izango Estatuarekiko harreman mota irauli gabe, estatus berria onartu gabe”.
Iriartek gogora ekarri du azken urteotan pobrezia indizeak izugarri igo direla erkidegoan eta ziurtzat jo du pandemiarekin egoerak okerrera egingo duela berehala neurri egokiak hartu ezean, “betiere argi edukita irtenbidea ez dela etorriko prekarietatea areagotzearen bidetik”. Horren haritik, erantsi du, “oso kezkagarriak iruditu zaizkit Arantxa Tapia sailburuaren adierazpenak, soldatak jaisteko aukera proposatuta, alfonbra gorria ipintzen ari zaiolako patronalari lan baldintzak okertzeko eta, hala, 2008ko krisialdiko akatsak errepikatzeko, hau da, krisiaren ondorioak langileen bizkar uzteko”.
EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, “gobernuen ardura eta eginkizuna ez da albiste txarrak iragartzea, horiek saihesteko neurriak hartzea baizik, baina hori egin beharrean, Jaurlaritza eszenatoki katastrofiko bat iragartzen ari da, lan eta bizi baldintzak murriztea aukera posible bakarra izango dela sinestarazi nahian. Bidea prestatzen ari da murrizketak egiteko eta jendeak errazago, ahotsa gehiegi altxatu gabe, onar ditzan”. EAJ-PSE aliantza jada iradokitzen ari den murrizketen aurrean, “ezkerretik alternatiba egon badago, EH Bilduk ordezkatzen duena”, azpimarratu du Iriartek. “Guk bestelako irtenbidea proposatuko dugu: eragile politiko eta sozialen artean, elkarlanean, adostea zein diren behar ditugun neurriak krisialditik inor atzean utzi gabe ateratzeko, eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzeko politika proaktibo bat, arazoei aurrea hartuko diena, ikuspegi estrategikoa izango duena eta baliabide ekonomikoez hornitua. Horretarako, zorra igotzea bide bat da, baina ez bakarra. Fiskalitate berria behar da gehien dutenek gehiago eman dezaten. Bestela, nekez lortuko dugu enplegua eta industria babesteko politikak egitea, zerbitzu publiko indartsuak mantentzea eta, finean, krisia langileek ez ordaintzea”.