AKTUALITATEA


| 2019-09-17 14:55:00

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari Legebiltzarrean, irakasleen ordezkapenak kudeatzeko sistema kaos bilakatu delako ikasturte hasiera honetan. Rebeka Uberak, zehazki, sailburuaren agerraldia eskatu du eta hainbat galdera erroldatu ditu Uriartek argitu dezan nolako baldintzetan jarri duen martxan Ordezkagune sistema telematikoa Hezkuntza Sailaren zerrendetan dauden irakasleei lanpostuak esleitzeko eta zer egiten ari den sortu dituen kalteak zuzentzeko. Uberaren iritziz, “Hezkuntza Sailaren lana negargarria izaten ari da legealdi osoan zehar, eta oraingo honetan Ordezkagunearekin gertatu dena kudeaketa txar etengabe horren beste adibide bat besterik ez da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Uriarte sailburuak emandako azalpenak kritikatu ditu, “Jaurlaritzaren kudeaketa penagarriak kaltetutako milaka irakasleentzat iraingarria delako sailburuak esatea ikastetxeetan ordezkapenak kudeatzeko sisteman arazo txiki eta puntual batzuk bakarrik egon direla”. Uberaren esanetan, “gertatu denari ezin zaio disfuntzioa deitu, inprobisazioa eta kudeaketa txarra baizik; Ordezkagunea behar bezala ezartzeko behar diren neurriak hartu beharrean, Hezkuntza Sailak edozein modutara martxan jartzea nahiago izan du, eta horrexek ekarri ditu orain irakasle ordezkoak pairatzen ari diren arazoak: plaza guztiak ez ateratzea, puntuazioa ordenari jarraituz ez esleitzea, lanpostu partzialak behar bezala ez ematea… Ez da onargarria gertatu dena”.