Legebiltzarra

Albisteak

Ingurumen Ikuskaritzaren azken txostenak Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa txarra egiaztatuta, Lakuak azalpenak eman behar ditu


EH Bilduk salatu du Ingurumen Sailaren txostenak, 2019ko azarokoak, araudiaren ez-betetze esanguratsu edo larriak egiaztatu zituela eta enpresari kalifikazio baxuena eman ziola. EH Bilduk Jaurlaritzari eskatuko dio argitu dezala zer nolako neurriak hartu zituen araudia betearazteko.

| 2020-02-08 10:42:00

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak hizpide izan du gaur goizean Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak ostegunean jausi zen Zaldibarko zabortegiko jardueraz egindako azken txostena. Casanovak jakinarazi duenez, txostenak, 2019ko azaroaren 4koak, ingurumen baimen bateratuaren baldintzen “ez-betetze oso larriak” egiaztatu zituen, eta horrek, erantsi du, azalpenak ematera behartzen du Gobernua, ezinbestean argitu behar duelako zer nolako urratsak eman zituen araudia betearazteko.

EH Bilduren iritziz, txostenak argi eta garbi erakusten du Zaldibarko zabortegiaren kudeaketak ez dituela bete eskatu beharreko kalitate-estandarrak, ez eta ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak ere. Txostenak erakusten du, halaber, Jaurlaritza jakinaren gainean zegoela eta, beraz, ezinbestekoa da Ingurumen Sailak zehatz-mehatz argitzea ea azaroaren 4tik aurrera jarraipen eta kontrol neurriak martxan jarri zituen edota zabortegiaren enpresa titularrari zehapen-espedientea ireki zion, araudia betearazteko.

EH Bilduk hainbat ekimen aurkeztuko ditu Legebiltzarrean helburu horrekin; izan ere, enpresari emandako 30 eguneko epea duela aste batzuk amaitu bazen ere, ez-betetzeen zuzenketa ziurtatu behar zuen txostena ez da argitaratu. Horrek frogatzen du, baita ere, zabortegietan Ingurumen Saila ez dela ingurumen baimen bateratuak betearazteko gai.

Zehazki, Ingurumen Ikuskaritzak egiaztatu zuen Zaldibarko zabortegian ingurumen baimen bateratuaren baldintzen betetze maila gradurik baxuenean zegoela, "ez-betetze esanguratsu/larriak edo ez-betetze sorta bat dagoelako", lizentziei eta baimenei, uraren babesari, hondakinei eta zabortegien baldintza espezifikoei dagokienez. Casanovak oso garrantzitsutzat jo duen txostenak 30 eguneko epea eman zion zabortegiaren enpresa titularrari antzemandako irregulartasunak zuzentzeko.

Txostenaren esteka:

https://www.etxebide.euskadi.eus/contenidos/documentacion_autorizacion/aai00006_2234/es_def/adjuntos/AAI00006_20190610_es.pdf