AKTUALITATEA


| 2020-07-28 21:20:00

Jaurlaritzak biktimen arteko ohiko mailaketan sakondu du gaur berriz ere, biktima guztiak ez dituela berdin neurtzen argi utzita. Hala salatu du Julen Arzuagak, Lakuako Gobernuak iragarri baitu 57.000 euroko laguntza emango diela AVT, Covite eta Vitepaz elkarteetako ETAren biktimei, pandemiak eragindako kalte ekonomikoak edota arazo psikologikoak arintzeko. Jaurlaritzak berak emandako informazioaren arabera, ez aipatutako elkarte horietako kide ez diren ETAren gainerako biktimek, ez Estatu terrorismoaren biktimek ez dute, ordea, laguntzarik jasoko.

Arzuagaren iritziz, erabaki honekin EAJ-PSE Gobernuak Estatuaren indarkeriaren biktimen diskriminazioan sakondu baino ez du egiten. “ETAren biktima batzuek Jaurlaritzaren babesa jasotzen duten bitartean, Estatu terrorismoaren biktimak bazter uzten ditu, irizpide politikoak erabilita. Nola ulertu bestela pandemiaren ondorioak arintzeko laguntzak banatzerakoan ere biktima jakin batzuk bakarrik lehenestea? Akaso ETAren biktima horiei gehiago eta bortitzago eragin die koronabirusak GAL edo elkarte horietan lerrokatuta ez dauden ETAren biktimei baino?”.