AKTUALITATEA


| 2019-11-14 14:13:00

EH Bilduk aurrerapausotzat jo du Legebiltzarrak gaur Euskaltelen hartu beharreko neurriei buruz onartu duen mozioa, atea ireki baitio Jaurlaritzak enpresa horren akzioak erosteari, haren errotzea bermatzeko eta haren telekomunikazio sarea sal ez dadin saiatzeko. Iker Casanovak ekarri du gaia Osoko Bilkurara eta, azpimarratu duenez, “emaitzak frogatzen du EH Bilduren presioa Gobernua mugiarazten ari dela, zeren eta EAJ eta PSE, bai eta Jaurlaritza bera ere, pasatu baitira Euskaltelen ezer egiteko aukerarik ez zegoela esatetik akzioak erostearen bidea aztertu beharrekoa dela onartzera”.
Euskaltelen kontrola Zegona inbertsio-funtsaren eskuetan geratuz geroztik, euskal gizartearentzat estrategikoa den enpresa horren errotzea arriskuan dago, haren etorkizunari buruzko erabakiak, hemen eta hemengo interesen arabera hartu beharrean, Zegonak Londresen dituen bulegoetan hartzen ari direlako. Hori dela eta, Euskaltel diru publikoarekin sortu zela gogorarazi ostean, Casanovak berretsi du behar-beharrezkoa dela “Euskaltelek herri honekiko atxikimenduari eta lidergo teknologikoari eustea”, eta azaldu du bide bakarra dagoela horretarako; alegia, “Jaurlaritzak, Kutxabank eta haren banku fundazioekin batera, konpainiaren akzioak erostea, %25a kontrolatzeraino, hori baita gutxieneko portzentajea herri honentzat kaltegarriak izan daitezkeen neurriak blokeatzeko, hala nola, enpresaren egoitza lekuz aldatzea eta telekomunikazio sarea saltzea. Jaurlaritzak, Kutxabankek eta banku fundazioek elkarlanean aritu eta euren partizipazioak baliatu behar dituzte Euskaltelen kontrola berreskuratzeko eta  Zegonaren planak neutralizatzeko”.
Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak argitu duenez, “Euskaltelen estatutuen arabera, akzioen %75eko gehiengoa behar da erabaki nagusiak hartzeko; hau da, %25 behar da edozein erabaki blokeatzeko, baina gaur egun portzentaje hori ez dago bermatuta, Kutxabankek %19 baino ez duelako. Falta den %6a erostea proposatzen dugu, 96 milioi euro inguru, euskal instituzioek euskal gizartearen interesen aurkako erabakiak Euskalteleko Administrazio Kontseiluan blokeatu ahal ditzaten”.