AKTUALITATEA


| 2019-10-10 14:59:00

EH Bilduren ekimen bati jarraituz, Legebiltzarrak talka-plan iraunkor bat, hiru urtekoa, sustatzeko eskatu dio gaur Jaurlaritzari Lanbidek iraupen luzeko langabetuak egoki artatu eta laneratu ditzan. Podemos eta PPk bat egin dute koalizioaren proposamenarekin eta EAJ eta PSE izan dira kontra agertu diren bakarrak.
Nerea Kortajarenak akordio parlamentarioaren garrantzia azpimarratu du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iraupen luzeko 56.000 langabetu daudelako, langabetu guztien erdia, hain zuzen, eta ezinbestekoa delako, beraz, Lakuak pertsona horiek guztiak erreskatatzea. EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Legebiltzarrak berariazko neurriak eskatu zituela aho batez 2018ko ekainean iraupen luzeko langabeziaren aurka, baina, salatu duenez, Urkulluren Gobernuak ez ditu horrelako neurriak txertatu bere jardunean.
Gaur eskatutako talka-planaren baitan Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, protokolo berezi bat indarrean jarri beharko du langabe bakoitzari arreta jarraitua bermatzeko banan-banako arreta, prestakuntza, orientazioa, bitartekaritza eta laneratzeko aukerak landuz. Lan horretan lehenetsiko dira langabe kopuru altuenak dituzten udalerri eta eskualdeak.
Halaber, Lakuak enplegu-planen egungo egitura aldatu beharko du iraupen luzeko langabetuen egoerari egokitzeko, betiere kontratazioaren kalitatea bermatuz, eta iraupen luzeko langabetuak kontratatzeko irizpideak txertatu beharko ditu kontratu publiko guztietan, berariazko klausula sozialen bidez.