AKTUALITATEA


| 2020-01-14 14:26:00

Legebiltzarreko Mahaiak EH Bilduren eskaria ontzat hartuta, koalizioak Gobernu espainolaren Mozal Lege Digitalaren aurka aurkeztutako legez besteko proposamena eztabaidatuko da ostiralean, hilak 17, Diputazio Iraunkorrean. Josu Estarronak aintzat hartu du Mahaiaren erabakia: “Mozal Digitala demokraziaren aurkako eraso zuzena izanik, premiazkoa da berau bertan behera uztea eta horretarako beharrezkoak diren ekimen politiko eta judizial guztiak, ez-konstituzionaltasun helegitea barne, abiatzea”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak urriaren 31n onartu zuen Mozal Digitala eta horren kontra Auzitegi Konstituzionalera jotzeko epea otsailaren 5ean amaituko da. “Beraz, Legebiltzarrak premiaz eztabaidatu behar du zer nolako erantzuna eman behar zaion Sanchezen lege-dekretuari; horregatik eskatu genuen Diputazio Iraunkorra biltzea, Jaurlaritzari garaiz eskatu ahal izateko dagozkion helegiteak aurkez ditzala”.
Estarronak gogora ekarri du Mozal Digitalak, ‘segurtasun nazionala’ aitzakiapean, webguneak eta komunikazio digitalak inongo agindu judizialik gabe ixteko aukera ematen diola Gobernu espainolari, eta horrek funtsezko askatasun eta eskubide demokratikoak kolokan jartzea dakar”.