Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk Diputazio Iraunkorra deitzea galdegin du Mozal Digitalaren aurka jotzeko epeak premiaz aritzea eskatzen duelako


Josu Estarronak gogorarazi du otsailaren 5ean amaituko dela epea Lakuak Gobernu espainolaren lege-dekretuaren aurkako bide legala jorratzeko. “Ezinbestekoa da, beraz, Legebiltzarra premiaz biltzea, dekretu horrek era onartezinean jotzen duelako funtsezko askatasun eta eskubideen kontra”.

| 2020-01-10 14:31:00

EH Bilduk behar-beharrezkotzat jo du Jaurlaritzak Gobernu espainolaren Mozal Lege Digitala bertan behera uzteko beharrezkoak diren ekimen politiko eta judizial guztiak, ez-konstituzionaltasun helegitea barne, abiatzea eta, helburu horrekin, Legebiltzarrak Diputazio Iraunkorra deitzea eskatu du, gai horren inguruan EH Bilduk berak azaroan aurkeztu zuen proposamenaz eztabaidatzea eta erabakitzea premiazkoa delako. Izan ere, Josu Estarronak azaldu duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak inongo agindu judizialik gabe webguneak ixteko eta komunikazio digitalak mozteko lege-dekretua (Mozal Digitala) onartu zuen urriaren 31n eta horren kontra Auzitegi Konstituzionalera jotzeko epea otsailaren 5ean amaituko da. “Legebiltzarra, ordea, ez da ohiko jardunera itzuliko otsailaren 6ra arte, beranduegi, beraz, Mozal Digitalak merezi duen erantzunaz eztabaidatzeko; horregatik galdegin dugu Legebiltzarra premiaz biltzea, Diputazio Iraunkorrean, Jaurlaritzari garaiz eskatu ahal izateko dagozkion helegiteak aurkez ditzala”.
Estarronak gogora ekarri du EH Bildu ez ezik, EAJ ere Mozal Digitalaren aurka agertu zela Kongresuan. “Bistakoa da Legebiltzarrean gehiengo zabala lege-dekretu horren aurka dagoela eta ulertezina litzateke EAJk Diputazio Iraunkorra deitzeari uko egitea edota Jaurlaritzak hori bertan behera uzteko eskura dituen bide legal guztiak ez jorratzea. Generalitatek tramiteak hasi ditu jada Konstituzionalean helegitea aurkezteko eta komenigarria litzateke batera aritzea fronte komun batean”.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “Mozal Digitala demokraziaren aurkako eraso zuzena da, inongo agindu judizialik gabe komunikazio digitalak moztu eta webguneak ixteko aukera ematen diolako Gobernuari, ‘segurtasun nazionala’ aitzakiapean, eta horrek, argi dago, funtsezko askatasun eta eskubide demokratikoak kolokan jartzea dakar”. Bada, Informazio Askatasunaren Aldeko Plataformak eta internauten elkarte batzuek Mozal Digitala salatu eta Auzitegi Konstituzionalera jotzeko eskatu diote Estatuko Herriaren Defendatzaileari.