AKTUALITATEA


| 2019-07-08 14:00:00

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Antzuolako Herri Eskolaren proiektuaren jarraikortasuna bermatzeko, “hezkuntza munduan eredu eta erreferentzia bilakatu den proiektu hori sortu eta urteetan garatu duen belaunaldia jubilatzear dagoelako eta horrek proiektua bera kolokan jar dezakeelako”, Rebeka Uberak ohartarazi duenez. EH Bilduko legebiltzarkideak funtsezkotzat jo du irakasleen egonkortasuna ziurtatzea proiektuak aurrera egin dezan eta, hortaz, eskari zehatza egin dio Hezkuntza Sailari, “Antzuolako ikastetxean bertan prestatu diren irakasleek aukera izan dezatela ikastetxean geratzeko”, hain zuzen ere.
Uberak azaldu duenez, “lanpostuak betetzeko sistemaren ondorioz, irakasleak ikastetxez ikastetxe ibiltzen dira urtero, eta behin-behinekotasun hori hondamendia da Antzuolakoa bezalako eskola batentzat, ia ezinezko egiten duelako bertako hezkuntza proiektuari jarraikortasuna ematea, irakasleen aldetik ere etengabeko prestakuntza eskatzen duelako. Antzuolakoak bezala, proiektu aitzindari eta berritzailea duten ikastetxeetan, edota errealitate sozial konplexuei aurre egin behar dietenetan, irakasleen egonkortasuna ezinbesteko baldintza da hezkuntza proiektuak sendotzeko, eta kasu horietan jarraikortasun hori bermatzea dagokio Hezkuntza Sailari”.
Horren ildotik, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du “Hezkuntza Sailak ere erreferentziatzat daukala Antzuolako Herri Eskola eta makina bat eragile, nazioartekoak ere, bideratzen dituela bertara haren metodologia berritzaile eta aitzindaria ezagutzera eman eta partekatzeko”. Hori dela eta, “proiektu horren biziraupena bermatzea derrigorrezkoa da, ezin dugu onartu hainbeste urtetako esfortzua eta dedikazioa zakarrontzira botatzea”.