Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk adituen agerraldiak publikoak izan daitezela eskatu du Autogobernuari buruzko Ponentzian


Jokoan dagoena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztien etorkizuna da eta horrek gardentasuna eskatzen du. Ez du zentzurik Estatus Politiko Berriaren lanketan aritu diren adituek Legebiltzarrean eman beharreko azalpenak ia sekretuak izatea.

| 2020-01-10 14:29:00

Autogobernuari buruzko Ponentziak erabaki bezala, EAEko Estatus Politiko Berriaren lanketan aritu diren bost adituak datorren astelehenetik aurrera hasiko dira Legebiltzarrean agertzen, Ponentzian bertan, hain zuzen ere, talde parlamentarioei egin duten lanaren inguruko azalpenak emateko. EH Bilduren iritziz, orain arte ponentzia ateak itxita batzartu bada ere, adituen agerraldi horiek publikoak izan behar dira, eta Maddalen Iriartek hala eskatu dio formalki ponentziako koordinatzaile Jone Berriozabal jeltzaleari, agerraldiak ateak irekita egin daitezen.
EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du adituek Legebiltzarrak eginiko enkargu bat –“ardura publiko bat, beraz”– bete dutela, eta horrek ere gardentasun osoz aritzea eskatzen du. “Gainera, eta hori da gakoa, Estatus Politiko Berriaren lanketan gardentasunak ezinbesteko baldintza izan behar du, jokoan dagoena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztien etorkizuna delako; hortaz, prozesuaren garapena, bai eta alderdi guztien iritzia ere, bertatik bertara ezagutzeko eskubidea bermatu behar zaie herritar guztiei, eta hori ez da bateragarria adituen agerraldiak sekretuan egitearekin”.