AKTUALITATEA


| 2019-09-09 13:24:00

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Memoria Historikoari buruzko Lege Proposamen bat aurkeztu dute Legebiltzarrean, Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformak uztailean egin zuen eskaria aintzat hartuta. Jaurlaritza haren herri ekimen legegilea tramitatzearen aurka agertu zenez, Plataformak dei zuzena egin zien talde parlamentarioei herri ekimena berrartu eta bideratzeko, eta horixe da hain justu Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak eta Jon Hernandez Elkarrekin Podemosekoak egin dutena, herri ekimen legegilea zenajon hitzez hitz lege proposamen gisa erroldatzea, alegia. Legebiltzarreko Mahaiak bihar bertan tramitatuko du eta aste gutxi barru eztabaidatzeko moduan egongo da.
Arzuaga eta Hernandezek behar-beharrezkotzat jo dute Memoria Historikoari buruzko Euskal Legea onartzea frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko, gizarte bezala haiekin oraindik dugun zorra guztiz kitatzeko eta biktima gisa dituzten oinarrizko eskubideak bermatzeko. Biktimei aitortza eta erreparazioa emateaz gain, lege proposamenak xede du baita ere frankismoaren gorazarrea galaraztea eta krimen haien egileak epaitzeko bideak irekitzea.
Arzuaga eta Hernandezek gogora ekarri dute legealdi honetan EAJk helburu horiek zituzten bi lege proposamen atzera bota dituela jada. Bata, Elkarrekin Podemosek aurkeztutakoa, epai frankistak deuseztatzeko; bestea, EH Bildurena, memoria historikoari buruzko lege integrala. Legebiltzarkideek salatu dutenez, jeltzaleek berdin jokatu dute Frankismoaren krimenen aurkako Euskal Plataformak aurkeztu zuen herri ekimen legegilearekin. “Jaurlaritza memoria historikoari buruzko lege proiektua lantzen ari dela argudiatu zuten, hori izan zen euren ezezkoa justifikatzeko aitzakia, baina, egia esan, EAJk inoiz ez du memoria historikoari buruzko lege bat nahi izan eta Lakuan ez dute inolako interesik izan gai horretan Plataformak herri ekimena aurkeztu arte. Jokaldia, dena den, gaizki atera zaie, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek herri ekimena berreskuratu dugulako, eta orain iraingarria litzateke biktimentzat EAJ berriz ere aitortza eta erreparazioa ematearen aurka agertzea eta lege proposamena bertan behera uztea”.