AKTUALITATEA


| 2019-10-29 12:30:00

Athletic eta Realeko emakumezkoen taldeetako ordezkariak azaroaren 20an agertuko dira Legebiltzarrean, Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, azaroaren 16tik aurrera, lan baldintza duinen eta aukera berdintasunaren alde, Lehen Mailako emakume futbolariak grebara joatera bultzatu dituzten arrazoiak azaltzeko. Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkideak eskatu du euren agerraldia, “azal ditzaten egunerokoan bizi duten egoera eta dituzten aldarrikapenak”. Izan ere, “nahiz eta emakume futbolariek abiatu duten borrokan Legebiltzarrak eskuduntzarik ez izan, komenigarria da lehen eskutik ezagutzea zein den euren eguneroko errealitatea, zein diren euren aldarrikapenak, horrek guztiak balio izango digulako berdintasunaren aldeko borrokan kirolean ere politikak zehaztu eta adosterako garaian”.
Urrearen ustez, “emakumeok kirolean ere pairatzen dugun prekarietatea eta diskriminazioa ikustarazteko baliagarria izan da emakume futbolariek hartutako bidea, horrek guztiak eragin zuzena baitu bizitzako esparru guztietan, kiroletik harago, emakumeon ikusgarritasuna eta pairatzen dugun diskriminazio egoera azaleratzeko”. Horren ildotik, erantsi du, “salaketa ez da nahikoa, ezinbestekoa da guztion artean aukera berdintasunaren bidean neurri eraginkorrak hartzea; esaterako, berdintasun irizpideak ezartzea diru publikoaren erabileran, instituzioek ekimenak eta jarduerak finantzatzen dituztenean”.