AKTUALITATEA


| 2019-07-09 13:09:00

Zidakos ibaiak gainezka egin eta euri jasek hildako bat eta kalte material handiak eragin ostean, EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk legez besteko proposamen bat erregistratu du gaur Kongresuan Espainiako Gobernuak neurriak har ditzan uholdeek Tafallaldean eta bereziki Tafalla, Olite eta Puiun udalerrietan sortutako kalteei aurre egiteko. Oinarrizko azpiegiturak kaltetu ditu euriteak: garraiobideekin, nekazaritzarekin, higiezinekin, ibilgailuekin eta herritarren eraikinekin lotutakoak gehienak. Larrialdi neurriak eskatzeaz gain, Iñarrituk galdera sorta bat zuzendu dio Espainiako Gobernuari, hondamendiaren aurrean emango dituen pausoak ezagutarazteko.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuaren eskumenen barruan eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, uholdeek eragindako kalteak berehala zenbatzeko eskaria egin du EH Bilduk. Halaber, premiazkotzat jo du kaltetutako azpiegituretan esku hartzea eta gutxieneko zerbitzuak berriro martxan jartzea, Tafallaldeko herritarrak ahalik eta azkarren buelta daitezen normaltasunera. Horretarako, koalizio subiranistak Espainiako Gobernuari galdegin dio onar dezala lege dekretu bitartez kalte-ordainen programa integral bat kaltetutako herritar guztiak diruz laguntzeko eta zerbitzuak berreskuratzeko.

Iñarrituk uste du ezinbestekoa dela erakunde publiko guztien “esku hartze azkarra eta eraginkorra” hondamendiak eragindako kalteei aurre egiteko. EH Bilduren Kongresuko ordezkariak gogorarazi du inplikatutako udal eta eskualdeak dagoeneko hasi direla diru laguntzak eta kalte-ordainak eskuratzeko tramiteak egiten, eta ohartarazi du Espainiako Gobernuak ere ildo berean esku hartu beharko lukeela.