AKTUALITATEA


| 2019-10-10 17:36:00

EH Bilduren ekimenez, Altsasuko auzia Madrilgo Kongresura iritsi da Espainiako Auzitegi Gorenak espetxeratutako gazteen aurkako epaia kaleratu ostean. Koalizio subiranistak Dolores Delgado Espainiako Justizia ministroaren agerraldi eskaera erregistratu du Kongresuko Diputazio Iraunkorrean, azalpenak eman ditzan Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen aurka taberna liskar baten harira ezarritako zigor bidegabeen inguruan.

EH Bilduren proposamenari Unidas Podemos, ERC, Junts per Catalunya eta EAJ batu zaizkio. Egitasmoaren sinatzaileek jakin nahi dute, besteak beste, Espainiako Gobernuak zer-nolako neurriak hartuko dituen herritar guztien berme juridikoak ziurtatzeko eta justiziaren proportzionaltasuna behar bezala betetzen dela bermatzeko. EH Bilduk bultzatutako eskaerak 74 diputaturen sostengua jaso du, eta litekeena da hurrengo asteetan egingo den Diputazio Iraunkorrean eztabaidatzea.