AKTUALITATEA


| 2024-05-07 16:32:00

EH Bilduren Senatuko bozeramaileorde Idurre Bidegurenek galdera egin dio gaur Elma Saiz Migrazio ministroari, argitu dezan zein den Espainiako Gobernuaren jarrera onartu berri den Europako migrazio eta asilo itunaren inguruan. Bidegurenen hitzetan, “beste behin, segurtasunean oinarritutako migrazio politiketan sakontzen du itunak giza eskubideak babestu ordez".

Ildo horretan, senatari subiranistak asilo eskatzaileek Europako herrialde bakoitzean jasotzen duten tratu bidegabe eta desorekatua salatu du: “Giza eskubideen urraketa agerian uzten duten sententzia ugarien aurrean, nabarmena zen erreforma bat egiteko beharra, baina elkartasun eta ardura konpartituan oinarritutako erreforma bat behar genuen. Arriskuak murriztu eta bide seguruak bermatuko dituena”.

Kontrara, argudiatu duenez, Europako itun berriak, “pertsonak babestetik urrun, mugen kanpoko kudeaketan eta itzuleran jartzen du fokua”.

Horregatik, Bideguren senatariak kritiko azaldu da bai Espainiako Gobernuak zein PSOEk eskuin atzerakoiaren ideiak erosi dituztelako, migranteen kanporatzearen alde eginez, Afrikako kontinenteko herrialdeen itxierari lehentasuna emanez eta Alboran irlako itsas-kartzelen sorrerak proposatuz. “Ideia eta diskurtso xenofobo eta arrazistei aurre egiteko, hitzak ez dira nahikoak, ekintzak behar ditugu. Eta akordio hau, hain zuzen ere, kontrako noranzkoan doa”, salatu du. “Onartezina da giza eskubideen urraketa baimentzeko amarru juridikoen bila ibiltzea”.

 

Aurrerapausorik ez

Hari horretatik tiraka, Bidegurenek nabarmendu du itun horrek ez dakarrela aurrerapauso bakar bat ere ez Mediterraneo itsasoan gertatzen diren heriotzak saihesteko, zaildu egiten baititu salbamendu elkarteek itsasoan egiten dituzten erreskate lanak. “Errealitatetik oso urrun egon behar da bidean trabak jarrita migrazioa geldiaraziko dela pentsatzeko; lortzen den bakarra pertsona zaurgarrienak amildegira hurbiltzea besterik ez da”.

Are gehiago, 2023a izan da erregistroak daudenetik izan den urterik hilgarriena. Bien bitartean, Europako gobernu guztiek, harro, “ahoa beteta hitz egiten dute” haien zuzenbide estatuei buruz, baina migrazio politiken arloan, “salbuespen neurriak aplikatzen dituzte”.