AKTUALITATEA


| 2020-06-15 15:13:00

Felipe Gonzalezek eta haren gobernuek (1982tik 1996ra) GALekin eta gerra zikinarekin izan zuten harreman zuzenari buruz CIAk 1984an eginiko dokumentuak desklasifikatu ostean, Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioa Felipe Gonzalezen agerraldi eskaera aurkeztu du gaur Kongresuko Barne Batzordean. Indar subiranistaren asmoa da Espainiako Gobernuko presidente ohiak azalpen publikoak ematea Estatu Terrorismoaren eta GALen sorreraren erantzulea dela baieztatu ostean. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia ere eskatu du EH Bilduk Kongresuko plenoan, CIAk desklasifikatutako dokumentuen harira Felipe Gonzalezen gobernuek gerra zikinarekin izandako harreman eta ekintzen inguruan argibideak eman ditzan.

36 urtez ezkutuan gordetako txostenak agerian utzi du Felipe Gonzalez sozialista buru zuten gobernuek GALen izandako «lotura», nahiz eta Estatu Terrorismoari lotutako pasarte batzuk sekretupean mantendu dituzten oraindik. 1984. urtean Espainia: Euskal Herriko terrorismoa eta Espainiako Gobernuaren erantzuna izenburupean eginiko dokumentuan, CIAk baieztatu egin du GALen sorreraren atzean Felipe Gonzalez presidentea zegoela.

Honela dio dokumentuak: «Badirudi Espainiako Gobernuak erabakita daukala ETAren aurkako borrokan estrategia ez-ortodoxo bat erabiltzea. Felipe Gonzalez ados dago armadak kontrolatutako mertzenario taldeak osatzearekin, terroristak legez kanpo borrokatzeko. Mertzenarioek ez lukete derrigorrez espainiarrak izan behar, eta haien misioa litzateke ETAren liderrak hiltzea Espainian eta Frantzian». Horrez gain, AEBetako Inteligentzia zerbitzuaren azterketek segurtzat jotzen dute Espainiako Gobernuaren asmoentzat eraginkorrak izan zirela GALen «ekintza ilegalak». CIAk onartzen du, halaber, ekintzok legez kanpokoak zirela eta zalantzan jarri zituztela Espainiako 'Trantsizio demokratikoa' deiturikoa.

Ikerketa Batzordeak Kongresuan eta Senatuan

Argitaratutako informazioen larritasunaz jabetuta, Euskal Herria Bilduk Ikerketa Batzorde bana sortzea bultzatuko du bai Kongresuan eta baita Senatuan ere, Estatu Terrorismoaren inguruko erantzukizun politikoak argitzeko eta CIAko dokumentuek berriki baieztatutako egitateen inguruan xehetasun gehiago jasotzeko. EH Bilduk lan egingo du egitasmoak ahalik eta indar politiko gehienen babesa jaso dezan bi erakundeotan.