AKTUALITATEA


| 2024-03-20 08:04:00

Aurrekontuei uko egitearen «ondorio kaltegarriez» ohartarazi dio EH Bilduk Pedro Sanchez presidenteari, eta «beste bide batzuk» aztertzeko eskatu dio aurrerapen sozial eta ekonomikoak onartzeko. Kataluniako aurrekontuak aurrera ez ateratzearen ondorioz hauteskundeak aurreratzeak 2024ko aurrekontu orokorrak bertan behera utzi ditu Espainiako Gobernuak. Erabaki horrek «gehiengo sozialei eta langileei kalte nabarmena» eragingo diela adierazi du Mertxe Aizpurua bozeramaileak gaurko kontrol saioan.

«Kaltea aurrekontu horien onarpenak hobekuntza sozialak ekarriko zituelako. Kaltea euskal gizartearentzat, bizi baldintzak hobetzeko neurri sozial eta ekonomiko garrantzitsurik gabe gera daitekeelako. Eta kaltea, finean, gure herri eta hirientzat, inbertsiorik gabe gera daitezkeelako aldaketa klimatikoaren, sozialaren, kulturalaren eta ekonomikoaren bidean beharrezkoak diren proiektuak garatzeko. Ez dakigu norbaitek zerbait irabazi ote duen azken astean hartu diren erabakiekin, baina zalantzarik gabe, galtzaile atera dena gizartea izan da, herritarrak izan dira», nabarmendu du. Testuinguru politikoari dagokion arduraz eta erantzukizunez jokatzeko eskatu du Aizpuruak, aurrekontuetan aurreikusitako hobekuntzak ezerezean gera ez daitezen: «Beti saiatzen gara eraikitzaileak izaten eta egoera zailen aurrean konponbideak proposatzen. Orain ere hala egingo dugu».

 

2025era itxaron gabe

Aizpuruak gogorarazi du aurrekontuen negoziazioa bide onean zihoala, euskal herritarren arazo eta beharrizanei erantzuteko akordio zabala lortzeko bidean. «Asteak daramatzagu Montero ministroarekin negoziatzeko gehiengo sozialarentzat neurri sozial eta ekonomikoak adostu eta hobekuntzak lortzeko asmoz, eskubide sozialen eta ekonomikoen eta baita justizia sozialaren arloan ere. Ez dugu nahi aurrerapen horiek ezerezean geratzea», abisatu du EH Bilduren eledunak.

Horretarako, hobekuntza horiek guztiak beste bide batzuen bidez onartzeko lan egingo du EH Bilduk, eta Sanchezi galdegin dio beste formula batzuk bila ditzala, aurrerapen horiek lehenbailehen indarrean sar daitezen 2025era itxaron gabe. «Ezin ditugu atzeratu orain onartu daitezkeen neurriak. Euskal gizarteak gure errespetu osoa merezi du, baita Estatuko eta herrietako gehiengo sozial eta langileek. Horregatik, gutaz espero den ardura eta erantzukizun osoarekin jardutea dagokigu, eskubideetan eta askatasunetan lorpen berriak eskuratzeko, alderdi interes partikularren gainetik. Uste dugu ez dela gehiegi eskatzea», zehaztu du.