AKTUALITATEA


| 2019-05-16 14:05:00

Jone Goirizelaiak oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzea du helburu, eta hala iragarri du gaur Indautxun, Bilbon eta Bizkaia osoan gehien eta gutxien dutenen arteko aldeak gero eta handiagoak direlako. EH Bilduren alkategaiak “oinarrizko gizarte zerbitzuak ongizate sistemarako sarbidea” direla azpimarratu du eta beharrezkotzat jo du “gizarte langile gehiago kontratatzea zerbitzu horiek indartzeko, gaur egun Gizarte Zerbitzuen Legeak dioena ere ez garela betetzen ari”. Horren ildotik rantsi duenez, gizarte zerbitzuetara jotzen duten herritarren estigmatizazioa amaitu eta zerbitzu horien erabilera normalizatu behar da, osasun zentroak erabiltzea bezain normala izan behar delako”.

“Arrakala soziala agerikoa da Bilbon eta inork ez du ukatzen jada”, esan du Goirizelaiak, “bertako datu sozioekonomikoak okerrenak direlako euskal hiriburuen artean eta okerrera egin dutelako, gainera, azken urteotan, ekonomikoki ahulenak diren herritarren egoerak, hobetu beharrean, okerrera egin baitu”. Datu objektiboak argiak dira zentzu horretan: langabezia tasa (23.000 herritar) %13koa da, EAEko bataz bestekoa baino lau puntu altuagoa, 26.000 pertsona benetako pobrezia egoeran bizi dira eta 250 pertsonak ez dute etxebizitzarik, azken bi urteotan kopuru hori bikoiztu delarik.

Bea Ilardia: “Bizkaiak langabezia eta prekarietate tasarik altuenak ditu”

Langabeziaren eta prekarietatearen arazoa ez da Bilbora mugatzen, baizik eta orokorra da Bizkaian, Bea Ilardia ahaldungai nagusiak ohartarazi duenez. “Egun Bizkaia da Euskadin langabezia eta prekarietate tasa altuenak dituen herrialdea” eta, beraz, orain arte gobernatu dutenen diskurtsoen gainetik, “autokonplazentziak ez du tokirik Bizkaian”. Ilardiaren esanetan, “ezin dugu onartu Bizkaia bat non lana izateak ez duen bermatzen hile bukaerara heltzea”. Bada, prekarietatea handitu duten politikak atzean utzi eta “bizitza duina bermatuko duten politika berriak behar dira Bizkaian, gure bizitzetan ezin baita arraroa izan 8 orduz lan egin, 8 orduz deskantsatu eta 8 orduz denbora libreaz disfrutatzea. Horretarako ekonomia egonkorra eta fiskalitate justu bat behar dugu, horiek ezinbesteko osagaiak direlako zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoak lortzeko”.