AKTUALITATEA


| 2019-05-18 19:11:00

Bea Ilardiak Enkarterriak historikoki pairatu duen abandonu instituzionala salatu du gaur goizean Gueñesen Idoia Perez bertako alkategai eta Iker Casanova legebiltzarkidearekin batera. Ahaldungai nagusiak esan duenez, utzikeriak ezaugarritu dituen politika instituzional horiek langabezia tasa altuak ekarri dituzte, “eta gero, adabakia jartzeko edo, zalaparta handiz iragarri diren proiektuak ezerezean geratu dira beti azkenean”.

 

Ilardiak kritikatu du zer nolako aldeak eta desorekak dauden, sozialak zein ekonomikoak, Bizkaiko eskualdeen artean, eta egoera hori azken urteotan eginiko politikei egotzi die, zonalde zehatz batzuen garapena lehenetsi delako. Hori ez da, ordea, EH Bilduko hautagaiak defendatzen duen eredua. Bere hitzetan, “gure ereduak ez du jarduera ekonomikoa Bilboko Gran Via kalean zentralizatzen; guk herrialde orekatu eta kohesionatua nahi dugu eta argi dugu Enkarterrien etorkizuna, Bizkaia osoarena bezala, jarduera ekonomikoaren banaketa orekatuaren eskutik etorriko dela. Bizkaiak daukan potentzial ekonomikoa lurralde guztian banatu behar da, jarduera ekonomikoa ezin delako hiri handian bakarrik geratu”.

 

Horren haritik, Aldundiak lurzoru industrial zaharrak berreskuratzea nahi du ahaldungai nagusiak: Trapagaranen Babcock zaharrean, Basaurin Baskonia zegoen tokian eta Gernikan Labeagako zonaldean. “Berreskuratu dezagun Bizkaiko leku batzuetan daukagun lurzoru industriala eta eman diezaiegun bigarren aukera bat arduradun politiko batzuek ahaztuta dituzten eskualde horiei”.