AKTUALITATEA


| 2019-05-24 19:50:00

EH Bilduk amaitutzat eman du hauteskunde kanpaina Bizkaian Bilboko Plaza Barrian Jone Goirizelaia alkategaia eta Bea Ilardia ahaldungai nagusia protagonista izan dituen ekitaldi batekin. Ilardiak aukera baliatu du koalizioak proposatzen duen Bizkaia nolakoa den azaltzeko, “guk nahi dugun Bizkaia argazki polit batetik baino askoz harago” doalako, zehaztu duenez. “EH Bilduren Bizkaian enplegua kalitatezkoa da eta posiblea da lanpostu batekin hile amaierara iristea, gazteak ez daude lan prekarioak egitera behartuta eta bizitza proiektu bat garatu dezakete, gure nagusiak, gure gurasoak, gure amamak babestuta eta ondo zainduta daude… Hori da guk proposatzen dugun Bizkaia justu eta solidarioa”.

Jone Goirizelaiak, bere aldetik, ziurtatu du bere ekipoak gogor lan egingo duela Udaletxean bilbotarren arazoak konpontzeko, eta bera buru duen hautagaitza osatzen duten gizon-emakume guztien konpromisoa goraipatu du. Izan ere, “Bilboko auzo guztietan ditugu gure sustraiak, kaleko, auzoetako jendea gara eta jendearekin eta jendearentzat lan egiten dugu”.