AKTUALITATEA


| 2019-11-26 13:10:00

Gaur goizean Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak agerraldia egin du Bilbon. Lindanoarekin arazoak dituzten herri ezberdinetako ordezkari politikoekin batera, EH Bilduk udal ezberdinetan abian jarriko duen ekimena aurkeztu du.

Oterok azaldu duenez, herri ezberdinetan mozioak aurkeztuko dira lindanoaren arazoari irtenbide bat bilatzeko. Asmoa arazoa aztertzeko mahai instituzional eta sozialak abian jartzea da.

“Martxoan aho batez onartu genuen horrelako urrats bat ematea, baina denborak aurrera egin ahala ikusten dugu ez dela aurrerapausorik eman. Berriz ikusi dugu Legebiltzarrean onartutakoak ez daukala jarraipenik. Oraingoan aurrekontuetan ere ez da aipamenik egiten. Hori dela eta, udal mailan urratsak emateko unea dela uste dugu”, azaldu du legebiltzarkideak.

Herri ezberdinei eragiten dion arazoa

EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu du lindanoaren arazoak herri ezberdinei eragiten diela eta beharrezkoa dela ahalik eta azkarren irtenbide bat bilatzea. Jata mendian edo Bilbon izandako arazoak gogoratu ditu eta udal ezberdinetan mahai instituzionalak eratuz arazoari irtenbide bat bilatzeko aukera bat dagoela aipatu du.