AKTUALITATEA


| 2023-05-24 20:59:00

Iker Casanova ahaldun nagusigaiak gaur adierazi duenez, EH Bilduren kanpaina “ez dute beste batzuen irainek markatzen, baizik eta Bizkaiko herritarrek dituzten arazo eta kezkak, eta herritarrek etxebizitzaz, enpleguaz, zerbitzu publikoez, zaintzaz eta garraioaz hitz egiteko eskatzen digute”.

“Batzuk kanpaina etengabe lokatzetara, irainera eta deskalifikaziora eramaten saiatzen ari diren bitartean, EH Bilduk kanpaina eraikitzaile eta proposatzailea egiten jarraituko du. Hori da egiten ari garena, eta ziur gaude Bizkaiko gehiengoaren aldetik erantzun positiboa izango duela”, azaldu du.

Casanovak Gernikan egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok, Mertxe Aizpurua diputatuarekin eta Jose Ramon «Buli» Gernikako alkategaiarekin batera. “Busturialdean, Bizkaia polizentrikoa aldarrikatzeko unea” dela aldarrikatu du Casanovak.

“Busturialdearen sendotasuna eta nortasuna” nabarmendu ondoren, politika publikoei dagokienez “baztertuta” dagoela adierazi du. “Batzuek Busturialdea parke tematiko bihurtu nahi duten bitartean, EH Bilduk eredu sozio-ekonomiko integral bat ezartzearen alde egiten du”, azpimarratu du.

“EH Bilduk Bizkaia polizentrikoaren aldeko apustua egin du, eta zentro horietako bat, zalantzarik gabe, Busturialdea da, nortasun handikoa, ingurumenarekin oso lotura berezia duena, eta lehen sektorearekin eta industriarekin dituen loturak sendotu behar dituen eskualdea”, adierazi du.

Beraz, esan duenez, EH Bilduren apustua da “Busturialdeko proiektu estrategikoa behetik gora eraikitzea, eta horretarako Bizkaiko erakundeetatik baliabideak ezartzea eta aurrera eramaten laguntzea”.

“Defendatzen dugun Bizkaia polizentrikoan, jendearen eskubideak, aukerak, zerbitzu publikoak eta aurreikuspen ekonomikoak ez dira udalerrien eta Bilboren arteko distantziaren araberakoak izan behar. EH Bilduk Eskualde guztiek aukera berdinak izatea defendatuko du”, adierazi du

 “Talde proiektua”

Bere aldetik, Jose Ramon «Buli» Bilbaok adierazi duenez, EH Bildurena “ez da proiektu pertsonala, talde proiektua, da komunitatearen proiektua”; eta “beste hautagaitzen ereduarekin alderatuta zeharo desberdina da guk proposatzen dugun Udal eta Gobernu eredua: horizontalagoa, feministagoa eta koralagoa, hurbilagoa eta errealagoa”.

Azaldu duenez, “bertatik bertara ezagutzen ditugu bizilagunen arazoak, eta horregatik proposamen sendo, zabal eta partekatua” aurkezten dute “herri hau merezi den tokira eramateko”. Ildo horretan, adierazi duenez, tokiko merkataritza suspertzeko proposamen integral bat jarri nahi dute; kirol-instalazio berriak, kultura-eskaintza partekatua, mugikortasun iraunkorra, adinekoentzako programak, politika feministak, alokairuak mugatzeko neurriak, emantzipazioa sustatzekoak eta zaintza-mahaia abian jarri, besteak beste.

“Ez gatoz kea saltzen. Bete gabeko promesa eta proiektu izar gehiegi entzun ditugu dagoeneko, urtetan… eta herritarrek ez dute hori merezi. Udalak galdu duen sinesgarritasuna eta herritarren konfiantza ere berreskuratu nahi ditugu. Promesa faltsurik gabe, Gernika-Lumo merezi duen tokira eramango dugu. Maiatzaren 28an bi aukera besterik ez daude: orain arteko ereduarekin jarraitzea edo EH Bilduk proposatzen duen aldaketa“, nabarmendu du alkategaiak.