AKTUALITATEA


| 2019-05-24 13:00:00

EH Bilduren ahaldungai nagusi Bea Ilardiak bere konpromisoa adierazi du Bilbon “gaur egun Bizkaiko udalerrien artean, baita auzoen artean ere, dauden desoreka sozial eta ekonomikoak desagerrarazteko”. Azaldu duenez, bere lehentasuna “ongizatea herritar guztiengana heltzea” izango da, “jende guztiak bizi kalitate ona ziurtaturik izan dezan auzo batean bizi ala bestean, herri batean bizi ala bestean”. Horretarako, azpimarratu du, “EH Bildu indartsu bat behar dugu, baita Bilbo Handian ere, EH Bildu funtsezkoa izango delako politika horiek egin ahal izateko eta beste batzuek dekretuz ez gobernatzeko”.

Ilardiaren iritziz, “Bilbok eta inguruak izan duten garapenaz haratago oraindik badaude irtenbidea behar duten gabezia asko eta, beraz, asko dago egiteko bertakoen bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko”. Horri dagokionez gogora ekarri du “Bilboko langabezia tasa Bizkaikoa baino bi puntu altuagoa” dela eta “inguruko udalerri batzuetan bost puntu handiagoa” dela, “%18ra iristeraino”.

Hori horrela, EH Bilduren ahaldungai nagusiak argi du “denon interesei erantzuten dieten politikak aplikatu behar” direla, eta horren ildotik koalizioaren apustua berretsi du “lanpostu duinen alde, dibertsifikatutako ekonomia baten alde eta, batez ere, industria garatuaren alde”. Izan ere, “gure erreferentzia Europako herri aurreratuenak dira jendearen bizi kalitatea hobetzeko, eta argi daukagu hori Bilbo Handian ere posible dela EH Bildu indartsu batekin”.