AKTUALITATEA


| 2019-05-13 13:16:00

Bizkaiak “sektore industrial garatu eta indartsu bat” behar duela jabeturik, Bea Ilardiak Foru Aldundian 50 milioi euroko funtsa sortzea proposatu du gaur arazoetan dauden enpresei laguntzeko. EH Bilduren ahaldungai nagusiak Barakaldon eman du ezagutzera egitasmo hori, Ezkerraldean, krisi ekonomikoaren ondorioak gehien pairatu dituzten eskualdeetariko batean. Adierazi duenez, “EH Bilduk argi dauka ekonomia egonkor bat beharrezkoa dela bizkaitarron bizi kalitatearen hobekuntzan urratsak emateko, eta horretarako beharrezkoa da sektore industrial garatu eta indartsu bat izatea”.
Helburu horrekin, Ilardiak neurri sorta proposatu du. Egoera zailean dauden enpresentzako 50 milioiko funtsa sortzea neurri nagusia da, “enpresak erakarri behar ditugulako, bai, baina funtsezkoa delako, baita ere, orain lanean daudenei eustea, enpresa eta lanpostu horiek ez galtzea”. Funtsa sortzearekin batera, Jaurlaritzarekin elkarlanean enpresa horien jarraipena egitea ezinbestekotzat jo du hautagaiak. “Bestela, orain arteko akats berberak errepika ditzakegu, Navalen gertatu dena ezin da berriro gertatu”.


Halaber, EH Bilduren ahaldungai nagusiak proposatu du lurzoru industrialak (Gernika, Basauri, Trapaga) berreskuratzea industria aurreratua sustatzeko, deslokalizazioen aurkako foru araua zorrotz aplikatzea eta administrazioen aldetik langileei laguntzea eta erraztasunak ematea enpresa beren gain hartu nahi dutenean.