AKTUALITATEA


| 2019-09-17 12:05:00

EPOAk (European Pride Organisers Association) Bilbon egingo duen Batzar Nagusiaren harira EH Bilduk Aldundiari galdetu dio zer nolako laguntza bideratu duen.

Aldundiak argitu duen bezala, ekimen hori aurrera eramateko 70.000 euroko diru-laguntza eman dio Ortzadar LGTB Elkartea-ri, Turismoa eta Bizkaiaren Sustapenari dagokion partida ekonomikoaren bitartez.

Emandako diru-laguntza nondik atera den ikusita, argi dago zein den Bizkaiko Aldundiaren helburua ekimen horiekin: LGTB+ kolektiboaren eskubideak defendatu beharrean, haien aldarrikapenak helburu merkantilista batekin erabiltzen dituzte”, salatu du Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak.

Izan ere, Bizkaiko Aldundiak Ekonomia Sustatzeko Sailetik bideratu du ekimen hori babesteko diru-laguntza bakarra. “Gizarte Ekintza saila izan beharko litzateke LGTB+ kolektiboaren interesak defendatu beharko lituzkeena eta, hala ere, ez du euro bat bera ere jarri”, azpimarratu du Duquek.

Mobilizazioekin bat

Egoera horren aurrean, EH Bilduk adierazi du larunbaterako deitutako mobilizazioetan parte hartuko duela.

Harro plataformak egindako deialdiarekin bat egiten du EH Bilduk eta LGTB kolektiboaren eskubideen defentsan eta merkantilizazioaren aurkako mobilizazioetan parte hartuko du.