Araba

Albisteak

Zumarraundi bidea konpontzeko lan mahaia dei dezan eskatu dio EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari


Urtarrilaren 30etik bidea itxita dago bere egoera txarra dela eta

| 2019-09-18 10:50:00

EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eskatuko dio premiaz dei dezan Zumarraundi bidea konpontzeko lan mahaia. Aizorri-Aratz parke naturalera heltzeko bide bakarra da hori Zalduondotik. Datorren urriaren 2an legealdiko lehen kontrol osoko bilkura egingo du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan erroldatu den interpelazio baten bitartez. Urbiako zelaietara joateko asko erabiltzen den bidea baina pasa den urtarrilaren 30ean itxi zen “istripu arrisku larria” zegoelako. Arabako Foru Aldundiak egindako txosten teknikoek aitortu zuten hainbat puntutan zorua erabat desagertua zegoela.

 

Itxi baino hilabete lehenago, hau da 2018ko abenduan, Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu zuten. Bertan, lan mahai bat osatzeko eskaera egiten zitzaion Arabako Foru Aldundiari “konponketa eta mantenurako neurriak hartzeko, baita erabilera eta finantzazioa adosteko ere”. Hamar hilabete pasa dira eta oraindik ez da atal horretan ezertxo ere aurreratu.

 

Azken datu ofizialen arabera, 2017an 36.000 bat lagun heldu ziren parke naturalera bide hori erabiliz. Gaur egun, Gipuzkoako Urbia zelaietara heltzeko aukera bakarra da. Errepidearen konponketa 450.000 eurokoa da eta Arabako Foru Aldundiaren planteamendua da guztiek hainbanatzea, hau da, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoa eta Arabako Partzoneria eta Zalduondoko, kontuan izan gabe instituzio bakoitzaren zerga bilketa gaitasuna edo egoera ekonomikoa.