Araba

Albisteak

Lagundu gabeko adingabe atzerritarren arreta hobetzeko interbentzio plan bat hiru hilabeteko epean egitea proposatu du EH Bilduk

Plan horrek plaza gehiago egitea aurreikusi behar du; baita baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago eskaintzea ere, esku-hartze integrala egiteko: formakuntza, hezkuntza, arreta psikologiko eta sanitarioa, dokumentazioaren tramitazioa

| 2019-09-20 11:32:00

Lagundu gabeko adingabe atzerritarren arreta hobetzeko interbentzio plan bat hiru hilabeteko epean egitea proposatu du EH Bilduk. Oviedoko Unibertsitateak egindako azterlana sakon aztertu ostean planteatu du txostenak orohar EH Bilduk antzeman dituen gabeziekin bat egiten duela. Izan ere, EH Bilduk eskatu zuen horrelako azterketa bat egitea 2017ko aurrekontuen akordioan. “Foru Gobernuak legealdi oso bat hutsean eman du eta hainbat hilabetetan gorde du azterlan hori kaxoi batean, gure ustez konponbideak jorratzeko unea heldu da gure lurraldean babesgabeko giza taldea delako”, esan du Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaile Kike Fdez de Pinedok.

 

Helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du. Bertan, esku-hartze plan bat eskatzen du, inbertsio plan eta kronograma batekin datozen bi urteotan garatzeko. Plan horrek plaza gehiago egitea aurreikusi behar du; baita baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago eskaintzea ere, esku-hartze integrala egiteko: formakuntza, hezkuntza, arreta psikologiko eta sanitarioa, dokumentazioaren tramitazioa. EH Bilduko batzarkide Claudia Venceslaok zehaztu duenez, Instituzioaren akatsik larriena da giza talde homogeneo gisa hartzea. “Euren ezaugarri komun bakarra da kanpotik datozela, adin txikikoak direla eta bakarrik daudela. Hortik aurrera, euren egoera oso anitza eta konplikatua da, gosetik edota gerratik ihesean daudelako eta, askotan, tratu txarrak eta sexu-abusuak jasan dituztelako”, azaldu du.

 

Venceslaok adingabeentzako zerbitzuaren gabeziak zerrendatu ditu. Horien artean nabarmendu du zentroak gainezka daudela, emantzipazio prozesuak abiatzeko zentroetan plaza nahikorik ez dagoela edo interbentzio taldeek ez dutela formakuntza nahikorik. Era berean, azterlanak ondorioztatu du hasieran egiten den adinari buruzko ebaluazioa ez dela zuzena eta lehen arreta asko luzatzen dela denboran. “Lehen arretako zentroetan bost hilabete igarotzen dituzte eta bertan solik jana eta ohea eskaintzen dizkiete, interbentzio taldeak bere gain hartu ditu gaztelerazko eskolak, eurek ekoiztutako materialari esker. Hori onartezina da”, esan du Venceslaok.

 

Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du txostenak mito batzuk agerian utzi dituela. Batetik, drogen kontsumoa ez dela oso ohikoa eta delitu-jokaera ez dagoela orokortuta. Hala ere, horietako batzuk Sansohetara bidaltzen dituzte eta bertan beharrei erantzuten ez dien zerbitzu batekin topo egiten dute, azpiegitura bera ez delako egokia eta plaza kopurua handiegia delako.