AKTUALITATEA


| 2019-05-16 22:28:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak “hemen eta orain ezkerreko alternatibarik sinesgarriena” EH Bildu dela nabarmendu du. Gaur arratsaldean Agurainen izandako ekitaldi politikoan izan da. “Araban, eta bereziki Gasteizen, berdinketa hirukoitza dugu EH Bildu, EAJ eta PPren artean. Betikoen gobernuen aroa  gainditzeko, azken 40 urteotan instituzioak kontrolatu dituzten aroa gainditzeko, ezinbestekoa da ezkerreko botoa eta boto aurrerakoia biltzea aukera gehien dituen alternatiban, hau da, alternatiba sinesgarrienean. Gaur eta hemen, EH Bildu da ezkerreko alternatibarik sinesgarriena”, esan du Fdez de Pinedok.

Bere ustez, “uzta jasotzeko unea heldu da”. Haizea alde dugu azken boladan. Irribar egin dezagun. Uzta jasotzeko aurretik erein behar da eta lurra zaindu. Hori da egin duguna Araban eta Euskal Herrian azken urteetan, horregatik pozik gaude ondo goazelako. Gure pozima: lana, zintzotasuna, koherentzia eta lurraldea eraldatzeko eta hobetzeko motibazioa”, gaineratu du Fdez de Pinedok.

Bestalde, Arnaldo Otegik “eskuina geratzeko konpromisoa” ondo bete duela adierazi du gaur arratsaldean Agurainen egindako ekitaldi politikoan, eta urrats bat harago joan da gaur. “EH Bildutik uste dugu herri honetako udal edota diputazioetako botere gune guztietatik kanporatu behar dela autoritarismoa”.

Euskal herritarren aurrean konpromisoa hartu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. “Gure botoek, EH Bilduren botoek, trifatxitoko indarrak udal edota diputazioetako botere guneetara iristea ekidingo dute. “Gaineratu duenez, EH Bilduk uko egingo die indar politiko horietako botoei, alkatetzetara edo diputazioetara iristea ahalbidetzen badiote”.

“Araba eredua”-ren defentsa egin du Otegik. “Herri interesak alderdi interesen aurretik jartzea da eredu horren oinarria. Zentzu horretan, gogora ekarri du aurreko legealdian, Gasteizen, EH Bilduk egin zuena Maroto alkatetzatik kanporatzeko, bigarren indarra izan arren, prest egon zelako EAJri alkatetza emateko

 

Azkenik, EH Bildu Agurainek 2011n hasitako bideari jarraipena emateko beharra azpimarratu du. Orduan Maider Garcia de Vicuñak zuzendu zuen taldea eta gaur Garcia de Vicuñak Raul Lopez de Uralde zerrendaburuari eman dio lekukoa. Azken horrek, aguraindarrek egindako herri programa balioan jarri du. “Gure programa landua eta luzea da, pertsona askoren partehartzearekin eginda, eta garrantzitsuena, betetzeko egin dugun programa da. Partehartzea, gardentasuna eta zintzotasuna dira gure kudeaketaren ezaugarriak”, esan du Lopez de Uraldek.