AKTUALITATEA


| 2019-05-17 22:00:00

Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia Kike Fdez de Pinedok nabarmendu du betiko politiken aurrean alternatiba EH Bildu dela. Gaur Laudioen egin den ekitaldi politikoan izan da eta bertan parte hartu dute Laudioko Alkatea Natxo Urkixok eta Legebiltzarreko bozeramailea Maddalen Iriartek ere bai. “Araban bi aukera daude: betikoen uztarripean jarraitu betiko politikekin eta betikoen mesedetara edo jendarteak eskatzen dituen politikak garatzeko herri sektoreek instituzioen agintea hartu eta herrialde bezala hazten hasi. Zentralizazioaren aurrean, guk gertutasuna eskaintzen dugu; klientelismoaren aurrean, gardentasuna; diskriminazioaren aurrean, berdintasuna; murrizketen aurrean, eskubideak; betikoen aurrean, EH Bildu”, zehaztu du Fdez de Pinedok.

 

Laudioko EAJk atzo egindako kritikei erantzun die Diputatu Nagusirako EH Bilduren hautagaiak. “Gure beldur dira. Horregatik, bizikleta estatikokoaren aldekoek, dena kontrolatzen jarraitzeko ezer ez aldatzea nahi duten horiek, marmotaren egunaz hitz egiten dute eta gobernatzen ez dakigula eta antzekoak esaten dituzte”.

 

Zentzu horretan, gogora ekarri du EH Bilduk alkatetza daukala Arabako bederatzi udalerritatan eta horietako guztietan abian jarri dituela herritarren bizitza hobetzea ekarri duten proiektuak. “Hori guztia motibazio eta ilusio osoarekin egiten dute eta, batez ere, zintzo jokatuta”. Gaineratu duenez, EH Bilduk lortu zuen PP Arabako eta Gasteizko gobernuetara ez iristea. Halaber, zehaztu du aurrekontuen bidez indarrean jarritako 100 neurri baino gehiago EH Bilduri esker egin direla. “Gure motibazioa ez da alderdikoia. Gure lehentasuna da elkartasunean oinarritutako Araba bidezkoagoa egitea, Euskal Herria libre batean”.

Maddalen Iriarte: 2011n Laudion eta Araban abiatu zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an

Bestalde, Maddalen Iriartek gogoratu du “duela 8 urte, Araban eta Laudion ezker soberanistaren olatua altxatzea” lortu zuela eta olatu hori herrialdeko instituzioetara heldu zela eta indar handiz sartu zela. “2011n Laudion eta Araba osoan altxa zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an eta orain daukaguna baino indar handiagoarekin heldu behar da instituzioetara. Sinetsita nago hori horrela izango dela. Kalean nabaritzen hasia den zerbait da”, baieztatu du Legebiltzarreko bozeramaileak.

Era berean, maiatzaren 26an “Araba eredua indartu beharra” dagoela berretsi du. “Hemen, Laudion, ondo dakizue zer den Araba eredua: herri interesak alderdi interesen aurretik jartzea da Araba eredua. Herritarrak babestea, inor bazterrean ez uztea, herritarrek bizi proiektu duina garatu ahal izateko kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Horixe da ezkerreko subiraniston lehentasuna, pertsonak politika publikoen erdigunean jartzea. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta hobeto biziko dira euskal herritarrak. EH Bildu agintean dagoenean edota politiak publikoak baldintzatzen dituenean, herritarren bizi baldintzak hobetu egiten direlako”, gaineratu du Iriartek.

 

Natxo Urkixo: EH Bildu Laudio bozkatzeak denon artean Laudio egitea da

Azkenik, Laudioko alkateak – eta alkategaiak- EH Bilduren estiloa balioan jarri du. “Hauxe da gure estiloa. Eguneroko lana. Jendearekin batera aritu, gure proposamenak azaldu eta 8 urteotan udalean egindakoaren berri eman. Ez gara hutsetik abiatzen, ez gara zerotik hasten. 2011ko gure motxila eder hura baita gure programaren atal nagusiena, esaten dugunaren froga materiala”, zehaztu du.

Zortzi urteko balantzerik onena programa dela aldarrikatu du Natxo Urkixok. “Bakoitzak baloratu dezan, hori da hain zuzen, laudioarrei proposatu diegun ariketa, esateko modurik onena egitea delako eta EH Bildu bozkatzeak esan nahi du guztion artean Laudio egiten jarraitzea”, azaldu du.