AKTUALITATEA


| 2020-01-09 10:17:00

2020.urtea hasi denetik, sei langile hil dira Euskal Herrian, haietako hiru Araban. Urtarrilaren 2ko lan-heriotzaren ostean Gasteizko udalean onartu zen erakunde adierazpenetik tiraka, EH Bildu batzarkide taldeak ere erakunde adierazpen bat aurkeztu du bozeramaile batzordean onartua izan dadin. 

Aurkeztutako erakunde adierazpen proposamena:

1.-  Arabako Batzar Nagusiek atsekabea adierazten dute, 2020ko urtarrilean  Arabako hiru enpresetako (55 urteko gizona Olarizun, 25 urteko Mercedeseko gaztea, 52 urteko gizona Lantaronen) langileek izandako lan-istripuetan izandako heriotzengatik. Doluminak helarazi nahi dizkiete hildakoen langileen familiei, lagunei eta lankideei. Era berean, lan-istripuen salaketa publikoa egiten dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Osalanek heriotzaren inguruabarrak argitu ditzatela eskatzen dute, familia eta senitartekoei informazioa eman ahal izateko.

2.- Arabako Batzar Nagusiek agerian utzi nahi dute lan-prekarietateari aurre egin behar zaiola, lan istripuak ekidin egin behar direla, gauza guztien gainetik eta kosta ala kosta, lan-segurtasunak lehentasunezkoa izan behar baitu edozein lanetan. Ezinbestekoa da laneko osasunari eta laneko segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, baita laneko arriskuen prebentziorako arauak bete daitezen eskatzea ere, bereziki lan-prekarietate argiko egoeretan.

3.- Horregatik guztiagatik, Arabako Batzar Nagusiek erakunde guztiei eskatzen diete lan-arriskuen prebentziorako jardunbide egokiei buruzko proiektuak gauzatzen laguntzeko -lan-administrazio, sindikatu eta patronal-erakundeekin koordinatuta-, laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituen kontra aritzeko, eta ikuskapen-zereginak areagotu eta hobetzeko.

4.- Halaber, Arabako Batzar Nagusiek bat egiten dute heriotza hau salatzea eta hildakoaren familiari babesa eta elkartasuna adieraztea xede duten ekimenekin, eta horietan parte hartzera dei egiten diete herritar guztiei.