AKTUALITATEA


| 2019-05-10 11:51:00

EH Bilduk gaur aurkeztu du elikadura burujabetzarantz hurbiltzeko estrategia. Helburua da tokiko elikagai osasuntsu edota ekologikoak ekoiztea arabar biztanleria horiekin elikatzeko. “2040rako eguneroko dietaren elikagaien %75 Araban ekoiztu daitezke, eta horretarako planteatzen dugu estrategia hau hiru fasetan ezartzea. Euskal Herrian dagoeneko oso esperientzia interesgarriak badaude, eta Frantses Estatuan hainbat udal eta eskualde holako estrategiak garatzen ari dira euren burua tokiko elikagaiez hornitzeko”, azaldu du Kike Fdez de Pinedo EH Bilduren Arabako Ahaldun Nagusigaiak.

 

Adierazi duenaren arabera, estrategia agroalimentarioak sei helburu jasotzen ditu bere baitan: krisi iraunkorrean murgilduta dagoen lehen sektoreari bultzada eman eta aukera berriak eskaini, biztanleria elikagai osasuntsuez hornitzea eta ohitura osasungarriak sustatu, aztarna ekologikoa murriztu garraioaren energia kontsumoa gutxituz, elikagaien gizarte trazabilitatea eta merkataritza harreman justuagoak sustatu, toki garapena bultzatu eta lurralde desoreka arindu, horren ondorioz landa guneak biziberritu ahal izateko.

 

Lehen fasean (2019-2023), EH Bilduk uste du estrategia agroalimentariorako zerbitzua sortu behar dela, estrategia bera abiaraztearren. Zerbitzu horren barruan estrategia hori eztabaidatu, gizarteratu eta sektorearekin partekatu egin behar da. Epe motzean hartu beharreko neurrien artean foru egoitza publikoetarako erosten diren elikagaien esleipenen baldintza-pleguetan tokiko edota denboraldiko elikagai osasuntsu edota ekologikoen erosketaren sustapena dago. Horrekin batera, honakook ere egin behar dira: beste jantoki publiko zein pribatuen jabeak bultzatu lehen sektorearekin elkarlanean aritzeko, transformazio agroalimentariorako zentroak sustatu eta Arabako gizartea sentsibilizatu eta kontzientziatu elikagai osasuntsu edota ekologikoen kontsumoa sustatzeko premiaz.